Hara! Donostiako Zinemaldia hastera doan seinale, salto egin du lehen planora urteroko hitz giltzak: glamourra! Gaurko honetan aitzakia zera da, atzo bertan La Perlan egin zuten bainujantzi historikoen erakusketa. Zehatzago esanda, Iraia Oiartzabal diseinatzaileak joan den mendeko bainujantzietan oinarrituta egin duen modeloen erakustaldia.
Garai batean bainujantzi izan zirenak kaleko jantzi bihurtu ditu diseinatzaileak. Egia esan, neska gaztetxoen artean janzkera unibertsal bihurtu diren praka motzek baino oihal gehiago daramate bainujantzi zaharberrituek; batere antzik ez neska gaztetxo horien amonek Kontxan, Ondarretan edo Zurriolan darabiltzaten bikiniekin. Modaren historiaren lehen kapitulua baita nola emakumezkoen jantziak laburtzen eta arintzen joan diren, zorionez. Tokitan geratu da uretara sartzean hiru kilo pisatzera iristen omen zen bainujantzia.
Atzoko argazkien azpian bada bat zuri-beltzekoa, 1931n La Perlako tabernan ateratakoa. Hor ageri dira bost emakumezko barran eserita tragoa hartzen bainujantzian. Inguruan dituzten gizonezkoak laneko jantzian daude –kamareroak- edo kaleko jantzian bezeroak, eta bat bakarra bainujantzian, albornoza gainetik duela. Argazkia, esan dut, 31koa da; bost urte geroago, 36tik aurrera, ez zen halakorik posible izango.
Baina glamourraz ari ginen; berpiztu da hitza, urtero bezala. Eskerrak Zinemaldiak beste atal batzuk ere badituen, pelikulak alegia.