Jon Abril: Esperantzari leiho bat

Euskalerria Irratia 2012ko irailaren 20a

Ezustean harrapatu gaitu Esperanza Aguirreren dimisioak. Inork gutik espero zezakeen. Ez nik bederen. Espainiako alderdi popularreko eskuin muturraren bozeramale gorena, hautsak harrotu izan ditu egun batean bai, eta hurrengoan ere bai. 30 urte egin ditu politikagintzan, baina bereziki, Aznarren garaietan Kultura Ministro izendatu zutenean egin zen ezagun. Bera eta bere hanka-sartzeak.

30 urte aunitz dira politikagintzan. Sobera. Familiari eta bere osasunari eskaini nahi dio orain denbora. Gutitan aditzen dira horrelako hitzak politikarien artean. Orain urte bete ere eskaini ziezaiokeen denbora familiari eta osasunari, baina herritarrek gehiengo hagitz zabalez izendatu ondotik alde egitea erabaki zuen, ongi diseinatutako estrategia baten baitan. Ordezkoa ongi lotua utzita alde eginen du. Gonzalez jaunak ez du bere alderdiaren onespen ofizialik jaso, ez herritarrena ere. Demokrazia perfektua ez denaren bertze adibide bat.

Eskuin mutur liberalenaren eredua badoa. Lotsagabeki politikarik atzerakoienak aireratu izan dituen emakumea. Probokatzailea. Nortasun handikoa. Ahoberoa. Gai garrantzitsuagoak desbideratzeko erraztasuna erakutsi duen emakumea. Eta PPrentzat laborategi bat. Bere politiketako aunitz Madrilen frogatu, eta ondotik zabaldu ditu Espainia guztira.

Aguirreren hutsunea bete beharko du orain PPk. Itzal handia du betetzeko. Nafarroatik bidali diezaiekegu enbor berezko ezpala. Barcinak eta Aguirrek badute antzekotasun mordoa, eta Madrilen bezala, Nafarroan ere aunitz gara Barcinaren agurra noiz ailegatuko den esperoan gaudenak. Astelehen gorri baten zain, bat-batean, ezustean, agortutako alderdi, gobernu eta eredu baten bukaeraren esperoan geldituko gara. Esperantzari leiho bat ireki digu Esperanzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!