Independentzia ez da utopia jada. Ez da amets eskuraezina. Ez entelekia bat. Ez da gutxi batzuen asmakeria. Ez. Kataluniak erakutsi digu baietz, eskuragarria dela, gauzagarria. Eztabaida bizi-bizia dago herrialde horretan, eta Diada egunaren ostean hedadura eta sakonera handia hartu du gaiak.
Teoria aspaldi gaindituta dute Herrialde Katalanetan, eta praktikarako jauzia emanda dute honezkero. Arlo ekonomikoan, diplomatikoan, sozialean edota instituzionalean independentzia nola gauzatu daitekeen aztertzen ari dira duela franko. Espainiarekin negoziatzeko moduaz, nazioartean hartu beharreko lekuaz eta praktikara eraman beharreko neurriez hausnartu ez ezik, bide orria taxututa ere badute.
Diada eguneko aldarriak erakutsi du abiadura handiz doala Katalunia burujabetzarako bidean. Eta horrek, neurri berean, Euskal Herriak jarraitu beharreko bidea zein den erakutsi du. Aurrea hartu baitigu Kataluniak Europako Batasunean nazio propioa izateko prozesuan. Horregatik, guk ere haien ispilura begiratu beharko dugu bide bera jorratzeko. Egungo abagunea inoizko onuragarriena da horretarako, eta gure esku dago aukera probestea edo beste behin ere, galtzen uztea.