Fermin Erbiti : Bizitza gozoago eginez

Euskalerria Irratia 2012ko irailaren 19a

Guztiok ezagutzen ditugu bizitza erosoago egiten digutenak, eta baita beti mikatz eta desatsegin jokatzeko prest daudenakere. Gertatzen dena da azken hauek gure memoriaren koaderno fidagaitzean zerrendaturik daudela, letra handiz eta azpimarraturik, ahaztezin bihurtzeko.

Bizitza erosoago egiten digutenen keinu, irribarre edo hurbiltasuna, berriz, apuntatu ere ez dugu egiten, eta nago azpimarra zabala merezi dutela. Gogoratu Stevensonek idatzita utzi ziguna: gizakioi iruditzen zaigu uste baino gehiago garela, eta, beraz, helburu oso zailak agintzen dizkiogu gure buruari, sekula betetzen ez direnak. Eskoziarrak zioenez, besteekin atsegina izatea da gizakiaren helburu nagusia: adeitsu, atsegin, gozo jokatzea: zoriontsu izateko eta zoriontasuna banatzeko. Baten batek hori oso erreza dela pentsa lezake, baina oker dabil. Sartu tabernan edo Diputazioaren bulegoan, edo denda batean, eta ikusiko duzu jokamolde hori ez dagoela oso hedaturik.

Irribarre gozoa, keinu maitekorra, baikortasuna, hurbiltasuna, konpainia... horiexek dira bizitza erosoago egiten digutenak. Merkeak izanagatik, oso-oso garesti saltzen dira gaurko gizartean.

Horixe azpimarratu nahi nuen hemen, Euskalerria Irratian, kurtsoko lehen sermoian. Izan ere, laster 25 urte beteko dituen irrati honek hortik ere erruz eskaintzen digulako egunero: hurbiltasuna, konpainia. Eta azken finean, bizitza erosoago, gozoago egiten digulako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!