Aitor Etxarte: Arrabotaz ilez kontra leuntzen

Euskalerria Irratia 2012ko ira. 17a, 13:52

Krisi garaian garela diogu aurreko garai espekulatiboa ustez zoriontsuetara itzultzea, oraingoz orain, askok amesten dutelako. Hura bukatu zen. Ezin da jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Bizitza errotik usteltzen ari zaigu.

Zer egin? Begirada aldatu, jardunari ekin. Itxuraren atzean dagoena, ohikoaren ostean, segurutzat duguna baina aruntzago joateko gonbitea egiten dizuet astelehenetako txokotik. Bidelagun egokiak Merced kalera ekartzen saiatuko gara, beraien laguntzarekin bizitza arrabotaz ilez kontra leuntzen saiatuko gara.

Norekin hasi? Mundu garaikidearen argazkirik bikainetakoa egin zuen W. Benjaminekin 1940.urtean, Gestapo eta polizia frankistatik ihesian zebilela bere buruaz beste egin baino lehenago, idatzi zuen pasarte ezagunarekin: Historiaren aingerua.

Bada Kleeren margolana Angeles novus tituluduna. Aingeru bat dago, zerbaitez ihes egiten duelarik, begirada finkatzen duela. Begiak betzulotik kanpo, ahoa zabal eta hegoak hedatuak. Historiaren aingeruak itxura hau izanen du. Aurpegia iraganera itzulia dauka. Guretzat gertaera katea dena, berarentzat erabateko hondamendia da (…) aingeruak gelditu nahiko luke, hildakoak berpiztu eta desegina berregin. Baina paradisutik urakanak jotzen du eta bere hegoetan zurrunbiltzen da eta, hain da gogorra, ezin dituela hegoak bildu. Urakanak etorkizunera narrastean darama ezinbestean, bera bizkarra ematen diolarik, hondamendia bere aurrean hasiz eta hasiz zeruraino pilatzen den bitartean. Urakan hori progresoa deitzen duguna da.

Progresoa da gure arazoa ez soluziobidea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!