Denboraldia hasteko, bi diputatu

Euskalerria Irratia 2012ko ira. 17a, 12:58

Amaiurko diputatu Sabino Coadra eta Geroa Baiko Uxue BArkos izan ditugu gaur Euskalerria Irratian, denboraldia hasteko. Luxu bat izan da. Eta hori diogularik ez gara gehiegikeriatan ari; izan ere, "luxu" hori, Nafarroak bi diputatu euskaldun aldi berean edukitzearena, orain gutxira arte ezinezkoa zen.

Nafarroan hauteskundeak aurreratzeari doakionez, iritzi kontrajarriak azaldu dituzte bi diputatuok. Cuadraren idurikoz, hauteskundeak eskatu behar dira. Barkosen aburuz, aldiz, hauteskundeak galdegin aurretik, alternatiba bat eraiki behar da. Alta Cuadrak dio PSNrekin alternatiba eraikitzea baino garrantzitsuagoa dela abertzaleen eta ezkertiarren artean indarrak batzea.

Berriki, Nafarroako gobernu alternatibo batean Geroa Baik ezin bestean egon beharko lukeela adierazi du EAJko Nafar Buru Batzarreko presidente Manu Aierdik. Bilduk ere hor egon beharko lukeela esan du Barkosek.

Hilaren 26ko grebari doakionez, Cuadra zein Barkos deialdiaren alde. Geroa Baiko diputatua mesfidati azaldu da CCOO eta UGT sindikatuen jarrerarekin. Amaiurkoak bi sindikatuok grebarekin ez eginagatik ere erantzuna handia izanen dela iragarri du.

Diadako manifestazio jendetsuaren harira, Barkosek herritarrek PPren asmo berzentralizatzaileei emandako erantzuna dela dio. Cuadraren arabera, handira jokatzeko garaia da, independentziaren bila jotzekoa.

Espainiaren bigarren erreskatea bai ala bai aurki iritsiko dela esateko tenorean bat egin dute bi diputatuek. Solasaldi osoa lerroon azpian daukazue.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!