Arantzadiko Aldaia baratzea birrindu dute, eta bi lagun atxilotu dituzte

Euskalerria Irratia 2012ko abu. 29a, 13:32

Bi lagun atxilotu zituzten atzo Arantzadin, baratzeetako obrak oztopatzeagatik. Bat, hondea makina batera kateaturik zegoela. Bestea, baratzeetatik ateratzeko agindua ez obeditzeagatik. Gogoratzekoa da herenegun beste lagun bat atxilotu zutela, hondeatzaile bati bidea mozteagatik.

Protestak protesta, makinek Aldaia baratzea suntsitu zuten atzo. Arantzadi Auzolanean taldeko kideek bi hilabete zeramatzaten hor lanean, eta lortzen zituzten barazkiak Paris 365 jantoki sozialera eramaten zituzten. Agustin Beroizen ortuaren inguruan ere lurra mugitu zuten hondeatzaileek. Beraz, aurrera segitzen du bazterrotan parkea eta Baratzeen Interpretaziorako Zentroa egiteko udal egitasmoak.

Arantzadi Auzolanean taldeak deiturik, lanon eta atxiloketen aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo 12:30ean, Udaletxe plazan. Larunbatean, irailak 1, baratzeetan egun osoko 'festakzioa' egiteko asmoari eusten  nahi diote.  Elikadura subiranotasunaren aldeko ekimena izanen omen da. Goizean, hazi trukea eginen dute; eguerdian, herri bazkaria; eta arratsaldean kontzertua.

Arantzadi Auzolanean taldeko bi lagun elkarrizketatu genituen atzo 11:00etan, Aldaia baratzea birrindua zela jakin aurretik. Baratzeen Interpretazio Zentroa egiteko baratzeak birrintzea "zentzugabekeria galanta" dela salatu dute. Eta hiriaren erdian orain artekoak bezalako ortuak edukitzea "altxor itzela" dela gaineratu. Ekinklik argazkilari taldeak azken hilabeteotan Arantzadin gertaturikoaren argazki bilduma osatu du, lerroon azpian ikus daitekeena.

 

Arantzadi bizirik eta herriarena! ¡Arantzadi vivo y de la gente! from ekinklik argazkiak on Vimeo.

Argazkia: Arantzadi Bizirik

Bideoa: Ekinklik

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!