Edurne Arrizibita: Lagun giro atsegina

Euskalerria Irratia 2012ko uzt. 11a, 14:00

Lagun batek aspaldi esan zidan bere irudikoz San Fermin jaietan ongi pasatzeko ez zela beste munduko ezer behar. “Nik –esan zuen berak- hainbat motatako ekimenak ekartzeko horrenbesteko aurrekontu bideratu beharrean txistulari eta joleren bat kontratatu nuke. Horrekin eta, lagun giroan elkartuta, trago batzuekin nahiko izanen nuke”. Garai hartan, ordea, ez nuen sobera ulertu, ideia sinplea iruditu zitzaidan zinez eta ez nion buelta gehiagorik eman. Esan bezala, duela denbora nahikotxo izan zen hori, baina, egia esan, gure festek hartu duten norabidea ikusita, azkeneko urteotan hainbat alditan etorri zait gogora eta, neurri batean, arrazoi osoa zuela iruditzen zait.

Mundu gerri osoan famatu bilakatu zaizkigun sanferminak festa erraldoi bilakatu dira dagoeneko. Hemingway idazle estatubatuarrak utzitako arrastoari jarraikiz, hedabideen oihartzunak ezagun egin ditu han eta hemen eta urtero herrialde aunitzetako lagunek bisitatzen gaituzte euren festa gosea asetzeko irrikaz. Urte osoan zehar hiri txiki eta lasaia, hainbatentzat triste eta tradizionala dena, goitik behera eraldatzen da 9 egunez eta horrek erakargarri egiten du munduaren begietara.

Dena den, irudipena dut guztia azken urteotan soberako parafernaliak biltzen duela. Alegia, gehiegi puzten ari garela/direla gure festen ustezko bertute izaten ahal direnak. Zergatik Iruñera etorri bada? Bisbal edo auskalo zein modako artistak Iruñean joko duelako? Aurten Sevillan ekoitzi eta Europako noriarik handiena jarri digutelako? Karrika bazter guztietan “edozer” egiteko aukera/lizentzia dugulako?

Gobernatzen gaituzten erakundeek sustatzen duten festen moldeak, batetik, eta nazioartean ematen den festa basati eta legerik gabekoaren irudiak, bestetik, ezer gutxi laguntzen dute. Eta, hori guztia ikusita, berriro etortzen zait burura lagunak esandakoa. Bai, akaso ideia guztiz xumea, apika tradizionalegia, folklorikoa oso, baina funtsean/oinarrian egia borobila -nire irudikoz behintzat-. Zertarako horrenbeste burrunba? Horrenbeste aurrekontu? Horrenbesteko fama? Karrikako giroak, lagunartekoak, ziurrenik munduko beste hainbat txokotan aurkitzen ahal den giro herrikoi horrek, ematen die xarma San Fermin jaiei eta pena da batzuek hori baztertu nahi izatea.

Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Elkarteko kideok ideia hori nola edo hala praktikan jartzen saiatzen gara sanferminetan urtero Zaldiko Maldiko elkartean antolatzen dugun atun janaren bidez. Aurten jada 17. edizioa eginen dugu eta, aurreko edizioen moduan, Ondarroako lagunak etorriko zaizkigu euren itsasertzean harrapatutako atun preziatua ekarri eta prestatzera. Izan ere, horixe besterik ez baitugu behar: lagun giro atsegina, jateko eta edateko pixka bat eta gorpua astintzeko musika. Animatuko?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!