Pili Yoldi: 'Momentikoak'

Euskalerria Irratia 2012ko uzt. 9a, 11:26

Sanferminetan Iruñetik alde egiten duen jendea ez dut ulertzen. Hala esaten du urtero nire lagun batek, mundu osoan parekorerik ez duten festa hauek heltzen direnean.

Mogolloiari aurre egingo diola berresten du, zaratak, guiriak, edari beroak eta tabernetako lapurretak kejatu gabe pairatuko dituela dio, eta hori zergatik? urte osoan zehar hemen bizi gara, katolika, eskuindarra eta gris kolorekoa den gure Iruñea honetan eta berrogeita hamabi aste hoiek jasan eta gero, orain ez duela hemendik joan behar, hiri honek duen unerik hoberenean.

Aitortu behar dut lagun honek Gurutze Plazako Manolo Eskobar edo Georgie Dannen aktuazioari txispa ateratzeko gauza dela. Beste batean, politikoren bat kalean ikusita, gelditu eta aurrez aurre bere iritzia azaltzeko lotsik ere ez du; Curia kaleko txokoan prozesioak animatzen ditu eta, kantuzale amorratua denez, batukadak ez dio minik egiten, egun osoa gu guztiok aspertu arte kantari aritzen baita.

Aurten kaso egitea erabaki dut eta hementxe nauzue: alde zaharrean sartzen naizen aldioro, baikor daramat espiritua: musika, dantzak, taberna guztiak zabalik, mundu guztia alai. Ordu batzuk geroago, nere etxe aldera abiatzen naizenean, prozesioak eta autoridadeak ikusita, burmuinean batukaden hotsak bonbardeatzen eta pixa usainaz lurrinduta, nere lagunaren gomendioaz eta familiaz oroitzen naiz.

Ai ama! Gaur goizean labadora jartzen harrapatu nau, ajea gaindituz elkarrekin abiatuko gara elkarteko bazkarira. Kopak hartu ondoren, gu dantzan aritu bitartean auskalo zertan ibiliko diren politikoak, ziuraski gure festondoa ozpintzeko albiste berriak prestatzen, hau guztia bukatzen denean.

Dantzatutakoa behintzat ez digute kenduko. Edo baita hori ere, El Rotok zioen bezala? Esandakoa, ez dugu alde egingo, oraindik egunak gelditzen dira!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!