Carlos Divar, Auzitegi Goreneko presidentea eta, baita, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko presidentea ere.
Puerto Banus-eko luxozko hoteletan zortzi bazkari eta hogei afari (kandelen argipean enkargatutako afariak, geroago jakin izan denez) ordaindu ditu diru publikoaz, eta lan bilerak zirela esan du, nahiz eta gero esan datak ez datozela bat inongo ekitaldi ofizialekin. Ordaindutako dirua “huskeria” zela esan du, eta prentsaurre batean adierazi zuen “kontzientzia lasai duela eta ez duela egin irregulartasun juridikorik, moralik edo politikorik”.
Moralaz ari garela deigarria da zer esan zion Carlos Divarrek Fernando Grande-Marlaska epaileari honek azaldu zionean ezkondu egin zela. Albistea jakitean zoriondu egin zuen bere ezkontzagatik, baina Grande-Marlaskak argitu zionean gizonezko batekin ezkonduko zela, Divarren erantzun literala izan zen: “gizagaixoa! zugatik egingo dut otoi!”.
Jose Maria Callejak gogor salatu du Onda Ceron, Julia Oteroren irratsaioan Divarren auzi hau guztia “Relación con un señor” titulupean.
Callejaren kritika, eta nirea ere, ez da presidentearen homosexualitatea, ezta ere homosexuala dela ezkutatu nahi izatea. Pribatuaren eremukoa da eta, beraz, errespetagarria. Nahi duena egin dezake bere bizitzaz, bere maitasunaz edo bere jarduera sexualean, noski. Baina poltsikotik ordain dezala, etz ez guztion diruaz.
Carlos Divarrek esandakoaren kontrara, gainontzeko guztiok uste dugu irregulartasun juridikoak eta politikoak egin dituela. Eta moralak egin dituen ala ez, hori apaizak esango dio.