Maiatzak 31, greba eguna sektore publiko guztian. Guztira hogeita sei mila enplegatu zeuden grebara deituak. Erantzuna desberdina izan da, sektore batzuetan handiagoa beste batzuetan baino. Orohar, enplegatu publikoen erdiek egin dute greba, sindikatuen arabera foru administrazioan, hortik beheraxeago osasungintzan.
Nafarroako Gobernuak ez du momentuz daturik eman funtzio publiko osoari dagokionez. Bai irakaskuntzakoa: hor erantzuna %32,6koa da Gobernuaren arabera, herenegun baino bi puntu handiagoa. Sindikatuek diotenez, %50 ingurukoa. Kasu honetan ere, desberdina eskualde batetik bestera: ehuneko ehunekoa iparraldeko ikastetxeetan; Nafarroa erdialdean %53, eta erriberan %30.
Gorabeherarik gabe doa greba eguna, normaltasunez, sindikatuek eta Gobernuak esan dutenez. Eguerdian izan da eguneko mobilizazio nagusia: manifestazioan milaka jende, funtzio publikoko sektore guztietakoak.
Hezkuntza eta Osasunbidea
Sektore publikoan garrantzi berezia hartua dutenak osasungintza eta hezkuntza, murrizketak handiak egiten ari dira administrazioak bietan; irakaskuntzan, hirugarren greba eguna dute. Herenegungoak izan zuen indarrari eustea lortu dutelako pozik dira sindikatuak. Osasun arloan, LABek presioak salatu ditu administrazioaren aldetik langileek grebarik egin ez dezaten.
Kaleak hartzen du garrantzia halako egunetan, mobilizazioek. Goizean goizetik hasi dituzte sindikatuek elkarretaratzeak, irakaskuntzan gaur ere zutabeak herri eta auzo batzuetatik hirigunera. Guztiak bat eginda, eguerdiko manifestazioan.
Murrizketen aurka protesta egiteko beste bi dei egin dituzte arratsalderako gizarte mugimenduetatik. Giza katea, Herri Ekimenak antolatuta, diputazioaren inguruan, arratsaldeko 7etan. Haien esanetan, mobilizatzea ezinbestekoa da gaur egungo politikak aldatzea nahi badugu.
Argazkia: Fermin Lakasta