Edurne Begiristain: Beldurretik

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 30a, 16:00

Beldurretik mintzo da Antonio Basagoiti nazioarteko eragileei buruz ari denean. Beldurretik baino ezin ditu esan Brian Currin edota Kofi Annan bezalako adituen aurkako mespretxuzko hitzak. Baldarki jokatzen ari da alderdi popularra nazioarteko bitartekariekin, jakin badakielako oihartzun handia lor dezakeela haien lanak Euskal Herriko mugetatik at.

Beldurra dio PPk euskal gatazkaren dimentsioa bere osotasunean agerian uzteari, eta baita Espainiako Gobernua mugiarazteko nazioartetik etor daitekeen presioari. Eta horregatik iraintzen ditu PPko presidenteak Annan, Currin eta gainerakoak. Batasunaren eta ETAren zerbitzura egotea leporatzea errespetu falta izugarria erakustea ez ezik, egoera politikoak eskatzen duen mailara egoteko gaitasun eza erabatekoa ere erakusten du. Maila politiko eta demokratiko eza ere bai.

Deseroso dago PP egungo abagune politikoan, eta ezintasunak eramaten du astakeriak esatera. Lotsagarri geratzera.

Euskal auzia nazioarteratzera eta aurkarien arteko bitartekarita lanak bideratzera etorri dira Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak Euskal Herrira, bigarrenez. Eta bigarrenez egin dute topo PPren betoarekin.

Atzo talde horretako kide batek zioen ulertzen zituela PPren beldurrak eta zalantzak. Bere hitzetatik uler daiteke ez zaiola arrotz egiten gatazka politikoen aurrean eskuinak izan ohi duen jarrera itxia. Eta ondoriozta daiteke ziur dela PP ere engaiatuko dela prozesuarekin, berandu baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!