Fermin Erbiti : Eredugarriak

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 29a, 12:30

Zapatero presidenteak behin eta berriz azpimarratu zuenez, espainiar bankuak eredugarriak ziren, munduko hoberenetakoak. Sozialistak futbolaren irudia erabili zuen hori dena azaltzeko, parrokiak aiseago ulertuko zuelakoan: espainiar bankuek txapeldunen ligan jokatzen dute.

Esaldia ez da duela hogei urtekoa, bart arratsekoa baizik, eta orain, espainiar banku sistemak barnean duen kakaren neurria zenbaterainokoa den ere ez dakigunean, gogoeta bat: hori esateko ergela izan behar da, edo gezurti hutsa. Auskalo zer den okerrago. Agian, gezurti bezain ergela izatea.

Nafarroan ere bagenuen kutxa sendo bat, Diputazioaren babespean sortua zena. Haize bolada batek eraman du, desagerrarazi du, urtetako kudeaketa txarra eta erabili politiko txarragoen ondorioz. Agintariek, ordea, ez dute erantzukizunik hartu nahi, eta ez da harritzekoa, horretan ere espainiar ereduaren aldekoak baitira, Carlos Divar epaileen buruarena eta beste hainbat lotsagaberena: txapuzarik handiena eginda ere, lasai bizi gaitezke, deliturik frogatzen ez den bitartean. Jokamolde eredugarria.

Lorenzo Riezu kutxako zuzendari ohiak argi hitz egin du honetaz, berriro ere, datuetan oinarritutako iritzi argia emanez eta gertaturikoaren lotsagabekeria salatuz. Isiltasuna izanen da, aurrekoetan bezala, erantzun bakarra. Hori ere, eredugarria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!