Edurne Begiristain: Hamarkada baten zama

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 24a, 11:00

2002ko ekainean sortu zen Alderdien Legea. PPren eta PSOEren sostengua izan zuen Terrorismoaren aurkako Itunaren ondoren heldu zen lege hark. Hamar urte beteko ditu hemendik gutxira. Eta hamar urte beteko dituenean, oraindik haren itzal luzea nabaritzen ari gara Euskal Herrian. Legeak hamar urte beteko dituenean, Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste lau auzipetuei 2016ra arte luzatu diete kartzela zigorra.

Hamar urte beteko dituenean, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen legeztatzeari buruzko erabakia hartu beharra dauka. Hamar urte beteko dituenean, Demokrazia Hiru Milioi eta Askatasuneko kideak Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain daude.

Sekula lege batek ez du hainbesteko oinazea eragin Euskal Herrian. Sentsibilitate politiko jakin bat mapa politikotik desagerrarazteko helburuz egindako lege batek ezin zuen ezer onik ekarri. Kontraesanean oinarritutako legea izan da beti, politika egiteko eskatu zaien horiei politikaren ateak itxi zaizkielako.

Alderdien legeak hamarkada beteko duen honetan, berau indargabetzea ezinbestekoa da gatazka politikoaren korapiloa erabat askatu nahi bada. Alderdi legearekin batera, Zigor Kodea, sistema judiziala bera eta salbuespen neurri oro indargabetea funtsezkoa da.

2002an sortu zuten Alderdien Legea. 2012an oraindik pairatzen ari gara neurri bidegabe horren ondorioak. Atzean zigorra eta mehatxua oinarri duen legeak ez du sekula gizarte demokratiko baten galbahea pasako. Hamar urte gehiegi dira. Bada garaia egindako injustiziak konpondu eta zauriak sendatzen hasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!