Edurne Begiristain: Esker mila

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 16a, 14:30

Samina hitza maiz erabili dute. Sufrimendua ere bai. Adiskidetzeaz hitz egin dute, baita beste aldearen dolua eta bizipena ulertzeko beharraz ere. Ez dute gorrotorik aipatu, ezta mendekurik ere. Garaile eta garaiturik ez. Aitorpena aldarrikatu dute, biktima guztientzako aitorpena. Ahaztuta egon direnak eta egun ahaztuta segitzen dutenak aintzat hartzeko eskaria egin dute. Eta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko beharra agertu dute. Iragana ahaztu gabe, baina geroari begiratuta.

Elkarren ondean eserita izan dira Carmen Galdeano Xabier Galdeano GALek hildako kazetariaren alaba eta Rosa Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna. Mahai berean eserita egon dira. Eta errespetuz hitz egin diote elkarri. Saminatik mintzatu dira, ondoan dutenaren samina partekatuta aldi berean. Gasteizen ikusi ditut bi aldeetako biktimak solasean, Hala Bedi irratiak antolatutako mahainguru batean.

Exenplua eman diote gizarteari. Galdeanok eta Roderok irudikatu dute zein den bidea. Ez dira etorri inori irakaspenik ematera, baina nahi gabe egin dute, ohartu gabe urrats erraldoia egin dute herri honek egiteke duen adiskidetze bidean. Eta gaur hemendik esker mila biei, bihotzez, erakutsi duten adoreagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!