Edurne Turrillas: “Gerra Zibilaren ondorioen memoria oso bizirik dago gure hirietan eta bizi esperientzietan”

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 17a

1936ko uztailaren 18an Gerra Zibila piztu zenetik 90 urte joan dira. Nafarroan gerra fronterik egon ez bazen ere, 3.500 eraildako baino gehiago egon ziren.

90 urte dira Altxamendu nazionala eman zenetik eta beraz, Gerra Zibila hasi zenetik. Uztailaren 18a da historiak gorde duen data, naiz eta egun bat lehenago, uztailaren 17an jada Marokon lehenengo matxinadak eman ziren.

Nafarroan, gerra fronterik gabe, 3.500 hildako egon ziren, 2.600 preso baino gehiago, 340 hobi zenbatu dira eta horietatik 237 oraindik ere aztertu gabe daude.

Ez zen borroka-fronterik izan, ezta bi bando elkarren aurka ere. Estatu kolpeak lehen momentutik izan zuen arrakasta eta horri esker, lehen egunetatik, errepresio planifikatu eta sistematiko bat martxan jarri zen. Askotan Gerra Zibila Estatu osoan berdina izan zela pentsatzera jotzen dugu edo entzutera ere iristen gara, "anaien arteko gerra" izan zela, baina Nafarroak oso ezaugarri bereziak izan zituen.

Kolpea hilabete batzuk lehenago diseinatu zuen Emilio Molak: erreketearen antolaketak, kolpearen aurreko prestakuntzak eta Mussoliniren Italia faxistatik jaso zuen babesak laguntzen dute ulertzen zergatik hemen ez zen ia erresistentziarik egon.

Nafarroan 3.500 pertsona inguru hil ziren lurraldean gerrarik egon gabe, baina errepresioa askoz zabalagoa izan zen: kaleratzeak, erbesteratzeak, ondasunak konfiskatzea, lan-depurazioak, emakumeei egindako umiliazio publikoak... Hau da, indarkeria horrek milaka familiari eragin die hamarkadetan (beldurra eta isiltasuna familia askotan).

Iruñean esaterako, egunero ikusten ditugun lekuak, gertaera haien eszenatoki izan zirenak: Gazteluko Plaza, kartzela zaharra, Zitadela, San Kristobal gotorlekua, zezen plaza, komentuak, eskolak edo antzinako atxiloketa zentroak. Gerra garaian, Iruñea "gatibuen hiri" bihurtu zen, eta beste lurralde batzuetatik zetozen milaka preso espetxeratu zituzten.

“Memoria ez da iragana bakarrik, oraina ere bada. Oraindik ere badira familiak desagertutakoen bila, hobietatik atera gabeko gorpuak eta indarrean dauden ondorio asko. Gainera, garrantzitsua da horri buruz hitz egitea, diskurtso negazionistak edo errebisionistak berriro agertzen diren une batean”, adierazi digu Edurne Turrillas historialariak.

90 urte eta gero, hobeto ulertu nahi izan dugu orduan gertatutakoa eta horretarako Edurne Turrillas, historialaria gonbidatu dugu Euskalerria Irratiko Guardasola saiora. Egun on Edurne!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!