Iruñeko Udalak zirkulazio-hobekuntzak eginen ditu istripu asko gertatzen diren hiriko bost puntutan. Merindadeen eta Vianako Printzearen plazetan eta Badostaingo errepideko, Sanduzelaiko eta Ofitas biribilguneetan, hain zuzen ere. Bi zirkulazio-errei edo gehiago dauden eremuetan eginen dira jarduketak, seinaleztapen horizontalarekin eta beste hainbat elementurekin, segurtasuna areagotu, zirkulazio jarioa arindu, abiadura murriztu eta segurtasun pasiboa handitzeko.
Aste honetan abiatu dira lanak Badostaingo errepideko biribilgunean, eta Merindadeen eta Vianako Printzearen plazetan barna jarraituko dute, Nafarroa Behereko (Seminariotik) eta Joan XXIII.aren plaza lotzen dituen ardatza berriz margotzeko jarduketa koordinatuaren barruan. Lanak aste honetan eginen dira, asteartetik ostiralera bitarte, eta datozen hiru asteetan jarraituko dute, eragozpen meteorologikorik ez badago. Fresatzeko lanak eguneko haran orduetan egiten dira, zirkulazio gutxien dagoenean eta Iruñeko Udaltzaingoak ibilgailuen zirkulazioaren kudeaketarekin lagunduta; pintatze-lanak berriz, gauez egiten dira.
Merindadeen eta Vianako Printzearen plazetan honako jarduketak eginen dira: kanpoko errei zirkularrak eraldatzea, turbobiribilguneen antzeko erreiak gaituta, kanpoko erreietako ibilgailuak plazatik irtetera behartzeko. Halaber, errei guztiak noranzko-geziekin seinaleztatuko dira gidariek egin nahi duten maniobrarako errei egokia aukeratu dezaten. Badostaingo, Sanduzelaiko eta Ofitas biribilguneetan honako jarduketa hauek eginen dira: erreiak berrantolatzea, biribilguneetatik irteteko berariazko erreiak gaitzea eta noranzko-geziak margotzea.
Bide-segurtasuna hobetzeko elementuen artean, adibidez, erreiak mugatzeko eta seinaleztapen horizontalerako erabiliko den pintura mota dago. Pintura islatzaileago bat erabiliko dute baldintza guztietan ikuspena hobetzeko, bai ibilgailuendako bai oinezkoendako. Halaber, pastilla fresatuak jarriko dira oinezkoen pasabideetan, ibilgailuen eta ziklomotorren abiadura murriztu eta, hala, zeharkatzen dituztenen segurtasuna handitzeko.
Iruñeko Udalak azpimarratu nahi du zirkulazio-bide guztietan dagoen seinaleztapen horizontala eta bertikala errespetatu behar dela, eta nabarmendu nahi du bost biribilguneen funtzionamendu berria dela eta gidariek beren ohiturak aldatu beharko dituztela, istripuak murriztu, zirkulazioa antolatu eta elkargune horietan trafikoaren jarioa arintzeko.