Beñat Jusue: “Ardura handia sentitu genuen mezua idazterakoan baina pozik geratu gara”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 30a

Euskal Herriko zazpi herrialdeak ordezkatuz, beste horrenbeste gaztek idatzi zuten Korrika 24ren azken mezua. Tartean, Beñat Jusue tuterarra aurkitzen da.

11 egun, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze eta gero, atzo eman zitzaion bukaera Korrikaren 24. Edizioari. Jendetza bildu zen Bilbon, akaso parte hartzaileena izan den edizioan.

Ohituta gaude azkeneko mezuaren egilea pertsona bakarra izatera edota idazlea izatera, baina aurten desberdin izan da. Zazpi herrialdeak ordezkatuz, beste horrenbeste gaztek idatzi baitute. AEKren esanetan “guztiak dira euskara, baina hainbat bide ibili dituzte horretara iristeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso”.

Nafarroa ordezkatzen Beñat Jusue tuterarra egon zen. Hunkituta bizi izan zuen momentua. Abenduan egin zion AEK-k. Urduritasunarekin erantzun zien baietz eta ondoren, elkarlanean osatu zuten mezua zazpi gazteek Araban igaro zuten asteburu trinkoan.

Zazpiak elkarrekin idatzi zuten mezua, baita Korrikaren azken kilometroa zeharkatu ere. Bilbon jendez lepo zegoen 24. Korrikari agur esateko. Agian, inoizko Korrikarik jendetsuena.

Honakoa Oier Iñurrieta Garmendia, Oihana Arana Cardenal, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Beñat Jusue Rosano, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Leire Casamajou Elkegarairen mezua:

“Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorpuzkera.

Hatsanturik, baina aitzina eraman gaitu gorputzak. Urrats bat eta bestea, lurrean errotuz.

Korrika dabilenean izerdiz betetzen den gorputza da gurea. Borrokaren eta desiraren aztarnak harro daramatzana. Korrika dabilenean taupadak azkartzen zaizkion gorputza da gurea. Asaldatu egiten dena. Nekatu egiten dena. Hunkitu egiten dena. Korrika dabilenean indarberritzen den gorputza da gurea. Etengabeko eraldaketak aberasten duena. Beti aurrerantz doana.

Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik, Eskoriatzatik... pasatu den gorputz bat egin dugu. Basa, asfaltoa, belarra, harea... zapaldu dituena. Lur zati bakoitzeko eleak ikasi dituena. Pauso sendoz dabilela dirudi, baina zalantzatia ere bada gorputza. Birpentsatu zalea, beharrezkoa denean iritzia aldatzen duena.

Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esan nahi bakarrik euskara. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz; botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei.

Zenbat gara? galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara. Beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan. 

Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan.

Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakargu ahots berrietan. Honaino heldu gara, bai, baina ez gara iritsi. Oraina berehala amaitzen da. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere.

Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude.

Aurrera goaz. Bazatoz?”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!