Zinema eta Zientzia zikloak aurrera jarraitzen du Golem Baiona zinemetan, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak. The social network (Sare sozialak) filmaren emanaldiaren aitzakian, Antonio Casado da Rocha filosofo eta EHU-ko Ikerkuntza Arduratsurako zuzendariarekin hitz egiteko parada izan dugu. Izan ere, ez dira gutxi filmak eskaintzen dituen eztabaidarako gaiak.
2003ko udazkeneko gau batean, Mark Zuckerberg Harvardeko ikasle eta programazioko jeinua ideia berri bat lantzen hasi zen: Facebook. Ikastetxe nagusi bateko gelan hasitako burutazio hura berehalaxe bilakatu zen sare sozial iraultzaile batean. Hortik aurrera, filmak sare sozialaren sortzailearen eta haren ingurukoen gora-beherak jarraitzen ditu. Casadok berak aurreratu digunez, 2010ean estreinatu zen film horren bigarren zatia dagoeneko prestatzen ari dira, ordutik hona gauza asko aldatu direlako.
Zinema eta Zientzia zikloaren 9. edizioa
Edizioz edizio interesa piztu duen egitaraua da Zinema eta Zientzia zikloa, hausnarketarako eta izpiritu kritikoa elikatzeko baliagarri suertatzen dena. Izan ere, emanaldi guztiak zientzialari adituen hitzaldiekin lagunduta joanen dira, proiektatutako filma begirada zientifikoarekin aztertzea ahalbidetzen duena. Euskarazko azpitituludun filmeei dagokienez, orain arte eman direnez gain beste bi gelditzen dira zikloaren baitan: The nutty professor (Irakasle zoroa), Jerry Lewisek zuzendu eta protagonizatzen duen filma; eta The trid man (Hirugarren gizona), Carol Reeden 1949ko klasikoa. Egitarau osoa eta sarrerak dagoeneko Golem Baiona zinemen webgunean erosi daitezke, 4 euroan.