Arga ibaiko urak ez du kutsadura-zantzurik, Magdalenatik igarotzean

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 31

Arga ibaiko ur freatikoa kontrolatzeko planari lotutako azken txostenaren emaitzak dira, RUNA 2025 proiektuaren barnean. Unean-unean, sulfatoek eta materia organikoaren presentziak gora egiten ohi dute ikerketaren arabera.

Arga ibaiaren eskuin hegiko ur freatikoaren kontrol-planari buruzko azken txostenaren arabera, ur masa egonkorra da azken urtean Magdalena auzoan, eta ez da kutsadura zantzurik antzeman. 2024ko abuztutik 2025eko ekainera bitartean egindako analisiek ez dute herbiziden, plagiziden edo landareen hazkundea erregulatzeko bestelako substantzien presentziarik atzeman, ezta fosfato, nitrato edo nekazal jarduerari loturiko kutsadura adierazten duten bestelako osagaiena ere.

Txostenaren emaitzek adierazten dute maila freatikoa urte osoan nahiko egonkor mantendu dela. Nitratoen eta bestelako konposatu nitrogenatuen presentzia oso txikia izan da, 5 mg/L-tik beherako balioekin, kutsadura lausoaren aurkako araudiak ezartzen duen 37,5 mg/L-ko gehieneko mugatik oso urrun. 

pH-mailak eta 20 ºC-ko eroankortasun elektrikoa ere nahiko egonkorrak izan dira urte osoan, laginetan disolbatutako gatz kopurua aldaketa handirik gabe mantendu dela adieraziz. Sulfatoen maila altuak nabarmendu dira, seguruenik inguruko betelan antropikoen ondorioz, eta etorkizunean ere mantenduko direla aurreikusten da. Potasioaren kasuan, aldakortasun handiagoa atzeman da: abuztuan balio altuagoak izan dira, baliteke nekazaritza-zuzenketekin lotuta egotea, eta abenduan berriro gora egin ondoren, pixkanaka jaitsi dira ekainera arte.

Halaber, une jakin batzuetan materia organikoaren presentzia detektatu da, DBO5 eta DQO parametroen bidez. Bi adierazleek gorakada nabarmena izan dute abuztuan, abenduan eta maiatzean.

Uraren kalitatearen kontrolari eustea

Urtebeteko laginketen ondorioz, txostenak gomendatzen du Iruñeko ibaietako uraren kalitatearen jarraipenarekin jarraitzea. Orain arte egindako analisiei eustea proposatzen da, bereziki maiatzean, abuztuan eta abenduan, data horietan atzemandako aldaketak puntualak izan diren ala denboran errepikatzen diren egiaztatzeko.

Txostena RUNA 2025 proiektuaren B2 ekintzaren barruan kokatzen da; proiektu horrek 2,7 milioi euro jaso ditu Biodibertsitatearen Fundazioaren laguntza-deialdian, MITECOren eta Europar Batasuneko Next Generation EU funtsen bidez. Laginketak, aldiz, LABENSA SL entitateak gauzatu ditu, eta zortzi unetan hartu dira laginak (2024ko abuztua, iraila, urria eta abendua, eta 2025eko otsaila, apirila, maiatza eta ekaina), lurpeko uraren azterketa eginez. 

Uraren kalitatea hobetzeko protokoloa

Bestalde, Arga, Elortz eta Sadar ibaietako uraren kalitatea hobetzeko protokoloa ondurik izan da. Dokumentuak arroetako esparru normatiboa eta lurraldekoa aztertzen du, aurretik egindako azterlanak eta Iruñetik igarotzean ibaietan dauden presio eta eraginak jasotzen ditu, baita RUNA 2025 proiektuaren B16 ekintzaren barruan egindako ur azaleko analisien emaitzak ere. Neurri prebentibo eta zuzentzaile ugari proposatzen dira, eta arreta berezia jartzen da hiri-inguruneetako euri-uren kudeaketan.

Lan horren ondorioz, Ilundaingo Errotako presaren eraisketaren jarraipen geomorfologikoa kontratatu da, hori ere RUNA 2025 proiektuaren barnean. Eraisketa aurreko jarraipena amaituta dago, eta estiaje garaian azterketa berriak eginen dira, ibaiaren dinamikan izan duen eragina ebaluatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!