Haur eskoletako aurrematrikula kanpainan %19,18tik %25,16ra igo da euskarazko eskaria Iruñean, hau da, ia sei puntu gehiago alegia. Kopuru absolutuetan, iaz euskarazko eskaerak 339 izatetik, aurten 691 izatera igaro dira. Auzoka, euskarazko eskari handienak Txantrean (%52,76), Arrosadian (%47,73), Buztintxurin (%43,90), Mendebaldean (%42,41), Alde Zaharrean (%38,54), Lezkairun (%37,14), Sanduzelain (%35,37) eta Arrotxapean (%25,35) erregistratu dira. Halaber, euskarazko eskaintzarik ez da Azpilagaña, Donibane, Mendillorri, Etxabakoitz eta Bigarren Zabalguneko auzoetan.
Horrekin batera, murgiltze ereduko eskola gehiago irekitzearen beharra nabarmendu du AETk, Txantreako Izartegi haur eskola baita Iruñean den bakarra. Azaldu dutenez, "euskara ez da gaur kaleko hizkuntza nagusia Iruñean. Horrexegatik, beharrezkoa da euskararen irakaskuntza baldintza egokietan eskaintzea. Eredu mistoek euskarazko eskaera badagoela erakutsi dute. Baina murgiltze ereduak erakutsia du eredurik eraginkorrena dela euskara barneratzeko". Eredu hori hedatzea posible izanen litzatekeela uste dute AETko kideek, Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan, "borondate politikorik balego".