Iruñeko Udalak uholdeei aurre egiteko udal plana eguneratu du, hiriko azpiegitura hidraulikoen eta Iruñeko hirigintzaren errealitate berriari egokitzeko. Gaur egun indarrean den plana 2010 urtean onartu zen, eta ordutik, hamaika esku hartze gauzatu izan dira Iruñerria osoan Arga, Elortz edota Sadar ibaien hegaletako eremuetan, baita ibaietatik hurbil dauden hiri-espazioetan ere, eta horrek eragin zuzena du prebentzioaren kudeaketan eta larrialdietan ematen den erantzunean. Plan berriak 2021 urtean izandako uholde indartsuen ondorioz izandako eguneratze-beharrari erantzuten dio; izan ere, Arga ibaian segundoko 508 m3 izan ziren eta hiria uholdeen aurkako planaren lehen larrialdi-mailan jarri zuten.
Plan berriak ur-goraldiak iragartzeko tresna berriak barne hartzen ditu, adimen artifizialean oinarritutakoak. Horiei esker, alerta-egoerak "lehenago eta zehatzago" aurreikusi ahal izanen direla uste du Iruñeko Udalak, herritarrak ahal bezain laster ohartarazi ahal izateko. SMS bidezko alerta-sistemaren eraginkortasuna hobetzea da helburu nagusietako bat, urpean gelditu daitezkeen hiriko eremuetan ibilgailuak tenorez erretiratu ahal izateko. Adimen artifizialeko tresna horiez gain, Burlatan Arga ibaiaren ur-emari neurtzeko estazioaren datuak baliatuko dira, baita Ilundainen ezarritako estazioetakoak ere, Sadar eta Elortz ibaien emariak kontuan hartzeko.

Larrialdi mailak neurtzeko metodoa ere zehaztu da planean. Urak ibaiertzeko eremu lokalizatu batzuk bakarrik hartuko balitu eta egoera udalerriak berak dituen baliabideekin kudeatzen ahalko balitz, lehen larritasun maila aktibatu litzateke; baina, uholdea kudeatzeko bestelako baliabideak beharrezko balira bigarren alerta maila piztuko litzateke, eta areago, hirugarren alerta maila piztuko litzateke, Nafarroako uholdeen kontrako larrialdi plan berezia aktibatzea beharrezkoa balitz.
Orain arte, euriteek edo urtegi-hustuketek eragindako uholdeen kudeaketara mugatu izan da plana. Haatik, txosten berriak Eugiko presaren haustura baten aurrean egin beharrezkoaz hausnartzen du. Egoera hipotetiko hori prebentzio-neurri gisa baino ez da planteatu, inplikatutako administrazio eta erakunde guztiek aldez aurretik ezagutu ditzaten beharrezko erantzun eta koordinazio jarraibideak.
Iruñean uholdeak izateko arrisku handiena duten eremuak Arrotxapea, Magdalena, Donibane eta Etxabakoitz auzoak dira, baita Landabengo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko nahiz Nafarroako Unibertsitateko unibertsitate-eremuak ere.