Indusketa arkeologiko «irekia», Iruñeko katedralaren oinetan

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 12a

Argazkia: Tintin08 (Minube)

Erdi Aroko Nabarreriako burguaren aztarnak bilatuko dituzte, Iruñeko katedralaren Barbanzana dorrearen pean. Lehen aldia da udalak obra publiko bati loturik izan gabe, horrelako ikerketa bat agintzen duela.

Iruñeko Udalak indusketa arkeologiko bat abiatuko du katedralaren eraikinari loturik den Barbazana dorrearen azpian.Katedralaren iparraldeko aldean da gunea, Kalonjeen Dorrearen orubean. Ikerketaren helburua Erdi Aroko Iruñeari buruzko informazio gehiago eskuratzea da, bereziki Nabarreriako burguaren egiturari buruzkoa.

Ekimena hiriaren 2.100. urtemugaren ospakizunen barnean garatuko da, eta izaera «irekia» izanen du, bertara bisita gidatuak antolatuko baitituzte. Hori dela eta, «izaera pedagogiko eta dibulgatzailea» izanen duen indusketa izanen dela defendatu dute Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Gestión Cultural Larrate SL enpresako Iñaki Sagredo Garde arkeologo eta indusketaren zuzendari teknikoak. Lanak asteburu honetan abiatuko dira, eta irailaren 23ra arte luzatuko.

Berariaz Iruñean antolaturiko lehen indusketa arkeologikoa
Orain arte obra zibilen gauzapenari loturik egin izan dira indusketa arkeologikoak Iruñeko alde zaharrean, besteak beste, aparkalekuen eraikuntzan, plazen saneamendu lanetan, etxebizitzen eraikuntzan edota eraikuntza publiko batzuen zaharberritzean. Proposamenak Vianako Printzea erakundearen babesa du, eta indusketen azken egunetan dibulgazio-bisita gidatuak antolatzea aurreikusten da. 

Agerraldian azaldu dutenez garai horretako oso hondakin gutxi dira gaur egun. Izan ere, Karlos III.a erregeak Iruñeko hiru burguen arteko harresiak eraistea agindu zuen, eta 1512ko gaztelarren konkistatik aitzina, hiriko harresi gotortua eraberritzeko lanak egin zituzten, eta eraikin moderno andana altxatu. Zehazki, harresiaren kanpoalderantz dauden dorreak, Barbazanakoa besteak beste, ia suntsiturik geratu ziren. 

Lanak 25 m2-ko eremu mugatuan eginen dira hasiera batean, eta haren gainean fotogrametria eta topografia teknikak baliatuko dituzte, landuko den geruza geologikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Hortik abiatuta, irailaren 15ean laginketak hasiko dira.

Erdi Aroko eraikuntza ereduak aztergai
Bertan lanean arituko diren lau arkeologoek eremua garbituko dute lurperaturik diren egiturak ikertu eta, beharrezkoa bada, egitura horiek indartzeko. Horrez gain, Dorrearen zimendatzea aztertzea da asmoa, Erdi Arloko gotorlekuaren tipologiaren funtsezko elementua baita. Halaber, hormako arku itsua aztertuko da ere bai. Izan ere, arku horrek Kalonjeen Atearekin bat egin baitezake. Era berean, eraikitzeko moduak aztertuko dira prozesuan, eta hori guztia aurkikuntzen araberako fitxa normalizatu, plano topografiko, argazki, marrazki eta bideoen bidez jasoko da.

Kalonjeen Dorrearen eremuak, ustez eremu horretan irekitzen zen ateak eta Barbazán Apezpikuaren kaperak gotorleku modernoan ezinbestekoak diren bi gunerekin egiten dute bat: Labriteko bastioiekin (Arrotxapearen aitzinean) eta Redingo bastioiekin (iparraldeko aldean); hain zuzen ere, azken horretatik Irulegi, Orarregi eta Garaña gazteluak ikusten ahal dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!