Iruñeko zapia jaso du astelehen goiz honetan Mari Ganuza Senosiainek, hilondoko-titulu gisa. Ekitaldian Joseba Asiron alkateak adierazi duenez, Ganuzaren "herri-kulturarekiko engaiamendua, tradizioekiko grina nekaezina eta horiek herritar orori hurbiltzeko ahalegina" aitortu nahi izan dute sariaren bidez.
2025eko otsailean zendu zen Ganuza, 64 urte zituela. Hori dela eta, Arantxa Bakaikoa alargunak eta, Juan eta Marisol Ganuza Senosiain anai-arrebek jaso dute Iruñeko zapia, bestelako senide eta adiskideak lagundurik. Errekonozimendu honekin, Udalak Mari Ganuzaren figura nabarmendu nahi izan du, hiriko besta gehienetan izan zuen parte hartzearengatik. "Tradizioa eta komunitatea uztartzeko" izan zuen gaitasuna nabarmendu du ere Asiron alkateak, baita hark zuen "Iruñeko sare soziokulturalaren gaineko ezagutza".
Ganuza Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kide izan zen 41 urtez, 1990etik 2019ra arte. Hamarkada horietan Josephamunda erregina europarra dantzarazi zuen. Baina, erraldoiak dantzatzeaz gain, konpartsa iruindarren artean errotzea bultzatu zuen eta haren bilakaeraz arduratu zen, hala nola, uztailaren 14ko erraldoien agurra antzezteaz. 2010ean, presidente zela, Sanferminetako txupinazoa bota zuen, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren 150. urteurrenaren karietara.
Konpartsako kide erreferenteenetako bat izateaz gain, 1990ean Olentzeroren Adiskideen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Ekitaldian nabarmendu dutenez, gaur egun, Iruñeko Olentzeroren kalejirak duen tankera, besteak beste, Ganuzaren lanaren eta ideien emaitza da. Errege Magoen Kabalgatan ere parte hartu zuen, eta luzaz Gaspar erregea antzeztu zuen. Gainera, 18 urtez, Aste Santuan Andre Maria Doloretakoaren pausua eraman zuen. Iruñeko eta Baionako hirien arteko senidetza batzordeko laguntzaile ere izan zen.
Iruñeko zapiak, hamar urte
2016an sortu zuen Udalak Iruñeko zapiaren aitorpena, "Iruñeko hiriaren proiekzioa sendotzen aktiboki eta nabarmenki lagundu duten pertsona eta erakundeak saritzeko". Saria Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen barnean ematen da, urte oroz, irailaren 8an.
Orain arte sarituen artean dira Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendaren jabea; Javier Pagola kazetaria; Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Andraize Sexu Informazio eta Plangintzarako Zentroari lotutako ibilbide profesionalagatik; Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro ohia; Medikuen Eskola Ofizialeko Vicente Estremera eta Erizainen Eskola Ofizialeko Belén Izcue; Juan José Martinena historialaria; Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo, Osasuna taldeko emakumezko eta gizonezko lehen taldeetako kapitain izandakoak; Donibane auzoko Pertsona Nagusiaren aldeko Ituna; edota Marivi Esparza Mugueta, entzierroko San Ferminen irudia gordetzearen arduraduna.