Irene Araujo: "Arrosadian inauteri propio bat nahi genuen eta libertimendua sortzea erabaki genuen"

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 14a, 11:27

Haizegoa euskara elkartearen eta auzokide zenbaiten ekimenez auzoko inauteriak eraldatzea erabaki zuten eta emaitza bihar taularatuko duten libertimendua izango da. Eguerdiko 12:30ean antzezleak, Oberenako dantzariak, musikariak eta Ainara Ieregi eta Endika Legarra bertsolariak, Manuel de Falla Plazan izango dira. Irene Araujo dantzariak eman dizkigu xehetasunak.

Urtarrila abiatzearekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan hasi ziren lurra esnatzen, inauteria hotsak entzuten hasi ginen, eta asteburu honetan, oraindik ere Iruñerrian entzungo ditugu hots horiek, Arrosadian, zehazki.

Dantza, antzerkia, musika eta bertsoa tartekatzen dituen inauteri euskalduna iritsiko da larunbatean Arrosadiara. Arrosadiako libertimendua egin zuten iaz lehenengo aldiz eta arrakastak bigarrenez ekarri du inauteria auzora. Irene Araujo Oberenako dantzariak parte hartuko du libertimenduan eta xehetasunak azaldu dizkigu Metropoli Forala saioan.

Auzoko gazteen inplikazioa bultzatzeko eta auzoan euskara sustatzeko helburuz sortu zuten. Urtero egiten genituen inauteriak auzoan Oberenaren eskutik, baina azkenengo urteetan formatuak ez zuen harrerarik eta buelta bat eman nahi genion”. Pieza horren bila, Arrosadiako jaietan Haizegoa euskara elkartearekin batera, libertimendua izan zitekeela bidea ondorioztatu zuten. Eta, giltzarria topatu zutela dirudi. Iaz egin zuten lehenengoz eta aurten ere libertimendu propio dauka Arrosadiak.

Goizeko 10:00etan abiatuko da kalejira Pico de Ori estankotik. Ondoren, Hegoalde ikastolara gerturatuko dira eta Lagun Zaharrak elkartea bisitatuko dute Manuel de Falla Plazara heldu aurretik. Eguerdiko 12:30ean, plazan, libertimendua hasiko da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!