Angel Berruetaren hilketaren 21. urteurrenean, familiak eta auzo-plataformak urte luze hauetan herritarrengandik jasotako babesa eskertuko dute ostegunean. Horretarako, lore eskaintza egingo diote Berruetari. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Berrueta motibazio politikoaren biktima gisa ofizialki aitortzea lortu zuten abuztuan eta horrekin, borroka bideari amaiera eman nahi diote, esker ona adierazteko lore eskaintzarekin.
Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean, arratsaldeko 19:00etan elkartuko dira. Iaz Iruñeko Udalak haren omenean jarritako plakaren parean.
Berrueta 2004ko martxoaren 13an erail zuen Espainiako polizia batek eta bere semeak, Donibane auzoko bere okindegian. Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ostean, ETAren kontrako kartel bat jartzeari uko egin zionean erail zuten. Geroztik, eta poliziaren kontrako epaiketa izan zen bitartean, irainak, mehatxuak, dei telefonikoak edota presioak jasan zituen haren familiak eta urteetan luzatu izan da familiaren sufrimendua.