Donibanen Civivox berri bat eraikiko dute Baiona etorbideko Telefónicaren eraikin zaharrean. Iruñeko Udalak eta eraikinaren jabe den enpresak hitzarmen bat sinatu dute proiektua garatzeko: etxebizitza libreak eraikiko dituzte, Iruñeko Udal Planean jasotakoa aintzat hartuta. Halaber, 1.000 metro karratu (lehenengo bi solairuak) erabiliko dituzte ekitaldi kulturalak egiteko eta hamar bat etxebizitza babestu abian jartzeko.
Hori horrela, hitzarmenak Udal Plana aldatzea proposatzen du, eta horretarako, Hiri Jarduketarako Plan Berezi bat jarriko du martxan Baiona etorbideko 38.eneko lurzatian. Aldaketaren bidez, orubearen eraikigarritasuna handitzen ahalko da, baina eraikinak beheko solairu bat, 13 altuera eta hiru edo lau soto-solairu izaten ahalko ditu gehienez ere. Izan ere, helburu jakin honekin egituratu dute eraikina: auzoko beste eraikinak baino altuagoak ez izatea.
Hitzarmenak Udalari beheko solairua eta lehenengo solairua lagatzea aurreikusten du, eta hala, Civivox berri bat jartzen ahalko dute Donibanen, gaur egun ez baitago mota horretako zentrorik auzo horretan. Hala, orain arte lortzeko zaila zen helburu bat lortuko dute; izan ere, Donibane auzo finkatu eta gainezkatua da, eta ez zuen zuzkidura-lurzati librerik Civivoxa eraikitzeko. Gizarte- eta kultura-arloko jarduerak egiteko 1.000 m2 izanen dira guztira, eta gainera, auzoko erdigunean dago zentroa, Baiona etorbidearen eta Martín Azpilcueta kalearen artean.
Zentro berri horrek hiriko Civivox sarearekin bat eginen du, eta bertan, Udalak antolatutako programaz gozatzen ahalko dute. Hori gutxi balitz bezala, auzoan beste gune komunitario hauek daude: Yamaguchiko udal-liburutegia, San Juan Xar elkartea, Oskia eraikina eta Civicana. Horiei guztiei esker, auzoko gizarte- eta kultura-jarduerak kalitatezkoak izanen dira. Udalaren ustez, zentroa eraikitzeari esker, herritarren interes publikoari mesede egiten zaio. Beraz, erabilera publiko eta pribatuko guneak bateratuko dituen ekimen bat sustatu nahi da, eta horretarako, Civivoxa eta etxebizitzak funtsezkoak dira.
Datuak HJPBan zehaztuko dituzte, betiere aintzat hartuta 50 etxebizitza eraikitzen ahalko direla eraikigarritasuna handitzeari esker; etxebizitza horietatik hamar bat babestuak izanen dira. Halaber, hitzarmenak inguruaren berrurbanizatzea jasotzen du; Belateko Monasterioaren zeharkalearen tarte batean dago inguru hori, eraikinaren ondoan.
Proiektua bi hilabete barru gauzatuko da, ondorio ekonomikorik gabe
Hitzarmenaren bidez, eraikinaren jabe den Gaiaz 38 Taldea SL enpresak, Abaigar Promoción y Construcción SLU enpresaren bitartez, konpromisoa hartzen du Iruñeko Udalari lurzatirako Hiri Jarduketako Plan Berezi bat aurkezteko, hitzarmena sinatu eta bi hilabeteko epean. HJPBan honako hauek jasoko dira: parte hartzeko prozesu bat, bideragarritasunaren eta jasangarritasun ekonomikoaren memoria, joan-etorrien azterketa bat, generoari buruzko txosten bat, hirigintza-irisgarritasunari buruzko azterketa bat, eta behar izanez gero, ingurumen-ebaluazio estrategikoa aldi berean izapidetzeko beharrezko dokumentuak. Parte hartzeko prozesua bukatu eta gero, enpresak hiru hilabeteko epea izanen du Iruñeko Udalari HJPBaren behin betiko dokumentua aurkezteko, hasiera batez one dezaten.
Udalak, berriz, konpromisoa hartzen du HJPBa bultzatu eta izapidetzeko. Horrenbestez, HJPBa izapidetzeaz aparte, Udalak ez dauka betebehar ekonomikorik. Hitzarmena behar bezala gauzatu ahal izateko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, eta honako hauek osatuko dute: udal-ordezkari batek eta jabe den enpresaren beste batek edo enpresa horrek berak izendatutako ordezkari batek.
Populazio erroldaren arabera, Iruñeko 211.652 biztanleetatik 19.474 Donibanen bizi dira; kopuru hori hiriko biztanle guztien %9,2 da. Horietatik guztietatik 8.732 gizonak dira, eta 10.742, emakumek. Biztanle gehienek 50 urte baino gehiago dituzte. Hain zuzen ere, Donibane auzo aitzindaria izan da, Adinekoen Ituna jarri baitu martxan: auzoko sektore guztiak bateratu nahi dituen ekimen bat da, adinekoei osasun-, gizarte-, eta komunitate-zerbitzuetan arreta ematen zaiela bermatzeko.