Gaurtik aurrera ez dira afariak aurrez aurre banatuko Paris 365eko jantokian. Eguerdiko zerbitzura hurbiltzen direnei tuperretan banatuko zaie afaria. Erabiltzaileen kopuruak nabarmen egin du gora azkenaldi honetan eta hurbiltzen direnen egoerak ere okerrera egin duela adierazi du Patxi Lasak. «Gero eta pertsona gehiago elkartzen dira jantoki solidarioaren sarreran, berehalako laguntza baten bila gehienetan, eta drogarekin trafikatzeko kasu batzuetan, bereziki afari-txandetan».
San Lorenzo eta inguruko kaleetako bizilagunen eta fundazioaren arduradunen kezkak areagotu dira. «Parisen 365ean horren jakitun gara, eta urtebete baino gehiago daramagu lanean gure kaleko bizilagunekin, egoera horiek jantokiaren ateetara eraman ez daitezen». Lan horretan kritikak jaso dituzte, baina baita «laguntza asko ere gure jardueragatik eta lan egiteko moduagatik».
Iruñeko Udalari, Nafarroako Gobernuari eta baita Estatuko gobernuari neurriak hartzea eta baliabideak eskatu dizkiete, besteak beste errolda tramiteak arintzea, paperak eskuratzeko epeak murriztea edota egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza gehiago bideratzea. Neurriak hartu ezean, epe laburrean egoerak okerrera egingo duela ohartarazi du Paris 365ek.
"Ez dugu poliziaren presentzia gehiago eskatzen kalean, baina bai herritarren segurtasunaren gaian inplikatuta dauden erakundeek laguntza". Onartu dute Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan neurriak hartu direla eta zerbitzu hobeagoa ematen dela, baina “gizarte-zerbitzuetako plantillak zabaldu eta hobeto zaindu behar dira, partaidetza-protokoloak ezarri behar dira gizarte-erakundeekin eta erabiltzaileekin, baliabide material eta ekonomiko gehiago bideratu behar dira ziurgabetasun egoeran edo muturreko pobrezia-egoeran dauden pertsonentzako zerbitzu eta prestazioetan, eta erakundeen arteko koordinazioa hobetu behar da».
Beste kezka nagusietako bat inoren kargura ez dauden adingabeen arazo larria da, “harrera-zentroetatik atera zirenetik sei hilabete betetzean paperik, lanik edo bizirauteko beste baliabide ekonomikorik ez dute eta kalean daude».
Aldi baterako jantokiaren itxiera 4-6 astez luzatuko dela iragarri dute. Gosari- eta bazkari-txandak berriz, mantenduko dira. Etapa hori gaindituta, zerbitzu normalizatua eskainiko da berriro. Hausnarketa prozesua abiatuko dutela ere iragarri dute, bai erakundeekin baita bizilagunekin ere, aurrerantzean zerbitzua eman ahal izateko irtenbide bila.