31 elkarte eta eragilek Erorien Monumentua eraistearen aldeko manifestazioa deitu dute larunbata honetan Iruñeko kaleetatik barna. 18:00ean abiatuko da Monumentutik bertatik eta Karlos III. etorbidea zeharkatuta Gaztelu Plazan amaituko da. Amaiaren egingo den ekitaldian, El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak hartuko dute parte eta antolatzaileek ere sorpresak iragarri dituzte.
Bi dira protesta deitzeko arrazoi nagusiak antolatzaileen esanetan. Batetik, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari Erorien Monumentua eraistea eskatu diete, “Memoria Demokratikoaren legea eta Nafarroako Ikur Frankisten Erroldari buruzko legeak betetzearen arduradun diren aldetik, eraikinak ikur frankistak ezabatzea agintzen baitute”.
Bestetik, EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdien zuzendaritzetara zuzendu dira. Haiek onartutako memoria legeen aurrean intsumiso deklaratu direla leporatu diete. “Adieraberritzeko akordioa, eraispen akordioarengatik alda dezatela eskatzen diegu, ez dezatela akatsean jarraitu, eta bat egin dezatela Erorien Monumentua eraisteko herritarren aldarriarekin, Nafarroan frankismoaren biktimak umiliatzeko sinbolorik handiena baita”.
Manifestazioaren antolatzaileek argi utzi nahi izan dute “frankismoaren biktimek eta memoria elkarteek Monumentua eraisteko ahaleginean jarraitzen dugula, eta borrokan jarraituko dugula lurrean ikusi arte”.