2006tik geldirik dauden 175 etxebizitza babestu berrabiarazi nahi ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 14a, 11:02

Etxebizitzak eraikiko diren bi lursailen eremua, Arrotxapean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Arrotxapeako Anelier pasealekuan eta Arga Ibaia kaleetan kokatuta daude eraiki gabeko orubeak. Udalak hilabeteko epea eman dio proiektuaz arduratzen den enpresari proiektua berriz martxan jartzeko. 2027rako etxebizitzok prest izatea aurreikusi dute.

Iruñeko Udalak duela hemeretzi urte blokeatuta eta eraiki gabe diren bi orubeen egoerari heltzea erabaki du. 2006an Grupo Palo Alto enpresak bi lursail eskuratu zituen Arrotxapean,  Anelier pasealekuan eta Arga Ibaia kaleetan, etxebizitzak eraikitzeko eta geroztik, proiektua geldirik dago.

Udalak hilabeteko epea eman dio enpresari proiektua berrabiarazteko eta behingoz, etxebizitzak eraiki ditzan; ez badu egiten, Udalak hartuko du beregain proiektuaren zuzendaritza eta beharrezkoa balitz, berriro enkantean jarriko dira. Joxe Abaurrea Iruñeko zinegotziak gaineratu duenez, "egungo jabearekin edo beste enpresa batekin, helburua da ahalik eta epe laburrenean etxebizitzak herritarren esku egotea”.

Behin udalak urratsa emanda, proiektuari izaera sozialagoa emango zaio. Horrela, eraikiko diren 175 etxebizitzak babestuak izango dira. Aurten, 2025ean garatu nahi du espedientea eta lizitazioa Iruñeko Udalak, 2026an obrak hasi eta 2027rako, etxebizitza hauek herritarrendako prest izatea espero du gobernu taldeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!