Esako obrak duela hiru hilabete geldirik daude eta ez dirudi lanekin berriz hasteko data dagoenik. 2025ean Estatuko Administrazio Orokorrak dokumentu teknikoa onartuko duelakoan dago Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. Zehazki, lehen seihilekoan egingo duela iritzi dio. Presako gainezkabideak lekuz aldatzen dituen dokumentu tekniko hori onartzea funtsezkoa da obrekin jarraitu ahal izateko eta, beraz, hiru hilabetez geldirik egon diren lanei berriro ekiteko, urrian eten baitziren lanak.
Miguel Garcia Verak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Plangintzako buruak, atzerapenaren eragiletzat nabarmendu du obraren konplexutasun teknikoa eta lanak urtegia martxan dagoen bitartean egiten ari direla.
Konfederazioak ematen duen informazioaren arabera, gehikuntza %82an gauzatuta dago gaur egun, eta presa-gorputza eginda dago. Gainera, berretsi dute gainezkabideek ez dutela inolako lerradurarik jasan.
Hala ere, kezka zabaldu du Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak, Gobernu zentralaren "itxikeria" kritikatu du Esako urtegiaren hazkundearen aurrean, eta " errealitate klimatikoa aintzat hartuta eta balizko DANA baten aurrean ere", urtegia zabaltzeko lanekin jarraitu nahi izatea zalantzan jarri du. “Proiektua behin betiko bertan behera uzteko" eskatu dio Gobernuari EH Bilduko hautetsiak.
Espainiako Gobernuak ordea, ESAko urtegia handitzea segurua dela berretsi du. Presa eta urtegientzako segurtasun-arau teknikoak betez diseinatu dela baieztatu du, eta zehaztu du "zorrotzagoa” dela gertatutako azken DANA bezalako gertaeren aurrean.