‘Bestelako argiak’ Ziudadelan, bihartik aurrera

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 19a, 07:02

'Bestelako argiak' jaialdiaren 2022ko une bat. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Proiekzioak, instalazio artistikoak eta haurrendako eta familiendako lantegiak izanen dira, urtarrilaren 6ra arte.

Arrats behera eta gauaren iluntasuna baliatuta, Ziudadela Bestelako argiak jaialdiaren agertokia izanen da aurten ere. ‘Bestelako argiak’ Iruñeko Udalaren proposamen artistikoa da, eta harresitutako barrutian argiarekin, koloreekin eta mugimenduarekin jolasten du Eguberrietan.

Jaialdiaren bederatzigarren edizioa abenduaren 20an, larunbatarekin, hasiko da, eta urtarrilaren 6ra arte iraunen du. Edozein adinetako ikusleendako da eta sarrera librea du. Jaialdian bideoarte-proiekzioak eta instalazio interaktiboak egonen dira ikusgai arratsaldero, 17:30etik 20:30era. Gainera, haurrendako eta familiendako sorkuntza-artistikoko lantegiak antolatu dituzte goizez eta arratsaldez. Parte hartzeko Ziudadelako Arma Aretoan izena eman behar da.

Aurtengo edizioan, Armada etorbidetik Ziudadelara sartzeko tunela, Laguntza Ateko tunela, eta 8. kaserna izanen dira hiru instalazio interaktiboen agertokiak; kasernako instalazioa Fermín Izkok eta Logela Multimediak diseinatu dute, eta beste biak Atezaina izeneko kolektiboak. ¿Hay alguien ahí? (Nor dabil hor?), Lurra eta Sino (Patua) dira instalazioek dituzten izen iradokitzaileak. Instalazioetan ikus-entzunezko erakusketa bat, mihise argitsuzko triptiko bat, eta helmuga baten xerka dauden ihespuntuak josten dituzten hari distiratsuak.

Ziudadelara sartzeko toki horietaz gain, barrutian zortzi erreferentzia-puntu sortuko dituzte, hainbat bideoarte-lan proiektatzeko. Horietako lau Zinetika jaialdiko zinema-hautaketaren parte dira, eta beste lau Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumakoak dira. Toki hauetan proiektatuko dituzte: Labearen kanpoaldeko alboko paretan, Mistoen eraikinaren kanpoaldeko atzealdeko paretan, Done Jakue bastioian, Lidia Biurrun aretoaren kanpoaldean, Errege-bastioian, Bolborategiaren kanpoaldeko atzealdeko paretan, Armada etorbideko harresian (Ziudadelaren barrualdean) eta harresitutako barrutiko pinu-ilaran. 17:30etik 20:30era bideoarte-lanak gozatzen ahalko dira egunero; lanek minutu bat eta hamabi minutu bitarteko iraupena dute.  Lan bakoitzak bere gunea du, eta etengabe proiektatuko dira gune bakoitzean. 

Zinetika jaialdian hautatutako lanak hauek dira: Alessandra Elettra Badoino, Marina Giardina, Fabio Poggi eta Marco Longo artista italiarren Su misura (Bere neurria); Holger Mohaupt ingelesaren  Where the spiders live (Armiarmak bizi diren tokia); Jan Vesala eta Taneli Törmä danimarkarren Jump (Salto egin) eta Mohamad Abbasi artista irandarraren I am my mother (Ni naiz nire ama). Bestalde, Iruñeko Udalak Arte Garaikidearen Bildumeko lau obra eskaini ditu, izenburu hauekin: Fermín Jiménez iruindarraren Todo es imposible 198 (Dena ezinezkoa da 198), Elba Martínez iruindarraren Me and my parents playing the ball (Ni eta nire gurasoak baloiarekin jolasten), Mariana Vassileva bulgariarraren Journal (Egunkaria) eta Thomas Köner alemanaren Banlieue du vide (Barnehutsaren aldaria). 

Familia osoarendako arte-lantegiak
Gaueko proiekzioez gain, Bestelako argiak jaialdian haurrendako eta familiendako arte-lantegi batzuk antolatu dituzte, Ziudadelak Eguberrietan eskaintzen dituen erakusketa-proposamenen inguruan.   Izan ere, lantegiek Ziudadelan irekitako hiru erakusketak barne hartzen dituzte: Carmen Salgado Amadoren La levedad de lo imaginado (Imajinatutakoaren arintasuna) Bolborategian,  Regalar es derretir (Oparitzea urtzea da) Arma Aretoan eta aste honetan Labean inauguratuko den Tea en la azotearen erakusketa.

Haurrendako lantegiak 5 eta 12 urte bitarteko haurrei daude zuzenduta eta 3 euroko kostua dute pertsona eta egun bakoitzeko. Ordu erdi lehenago eman behar da izena Ziudadelako Arma aretoan.  Carmen Salgado artistak bere erakusketarekin lotutako lantegiak abenduaren 26, 27 eta 28an eginen ditu, 11:30etik 13:00etara. Horretarako, gehienez 15 laguneko taldeak antolatuko dira. Bestalde, Regalar es derretir (Oparitzea urtzea da) erakusketari buruzko lantegiak La Chincheta Brunak eginen ditu urtarrilaren 2, 3 eta 4an, 11:30etik 13:00etara. Bi kasuetan, gehienez 15 laguneko taldeak antolatuko dira.

Bestalde, familiendako arratsaldeko lantegiak Arma Aretoan eginen dira, abenduaren 26 eta 27an, eta urtarrilaren 2 eta 3an eta 17:30etik 19:30era; lantegietan parte hartuko duten lagunak 40 izanen dira, gehienez.  Bertaratuko diren haurrak heldu batek lagundurik egon beharko dute. Lantegiak La Chincheta Brunak koordinatuko ditu eta Gabriela Barrio, Carmen Salgado, Teresa Sabate, Virginia Santos, Blanca Razkin, Alicia Otaegi eta Marijose Rekaldek eginen dituzte. Egunero lanerako lau gune jarriko dituzte martxan, eta bakoitzean artista bat arituko da. Lantegi horietan izena emateak 4 euroko kostua du pertsona eta egun bakoitzeko, eta lantegia hasi baino ordu erdi lehenago eman beharko da izena Arma Aretoan, leku guztiak bete arte.

 

‘BESTELAKO ARGIAK’ ZIUDADELAN

  • Data: abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra
  • Ordutegia: 17:30 – 20:30
  • Instalazioak. Kokalekuak
    • Armada etorbidetik Ziudadelara sartzeko tunela:  ‘¿Hay alguien ahí? (Nor dabil hor?).
    • Laguntza atearen tunela: Sino (Patua).
    • 8. kaserna: Lurra.
  • Proiekzioak. Kokalekuak
    • Labea (kanpoaldeko alboko pareta): Todo es imposible 198 (2008) (Dena ezinezkoa da 198). 
    • Mistoen eraikina (kanpoaldeko atzeko pareta): Su Misura (2014) (Bere neurria).
    • Done Jakue bastioia: Where the spiders live (2021) (Armiarmak bizi diren lekua).
    • Lidia Biurrun aretoa: Jump (2015) (Salto egin).
    • Errege-bastioia: I am my mother (2008) (Ni naiz nire ama).
    • Bolborategia: Me and my parents playing with the ball (2013) (Ni eta nire gurasoak baloiarekin jolasten).
    • Armada etorbidearen atzealdean: Journal (Egunkaria).
    • Bolborategirako noranzkoan dauden pinuak: Banlieue du vide (2003) (Barnehutsaren aldaria).
  • Haur eta familiendako sormen lantegiak
    • Tokia: Ziudadelako Arma Aretoa.
    • Datak: Abenduaren 26tik 28ra eta urtarrilaren 2tik 4ra.
    • Ordutegia: 11:30 – 13:00 eta 17:30 – 19:30
    • Gaiak: Carmen Salgadoren (Bolborategia) eta Gabriela Barrioren (Labea) erakusketei buruzkoak. 
    • Izen-emateak: Lantegiak hasi baino ordu erdi lehenago Ziudadelako Arma Aretoan.
    • Prezioa: Haurrendako lantegien kasuan, 3 euro pertsona eta egun bakoitzeko, eta familiendako lantegien kasuan, 4 euro pertsona eta egun bakoitzeko. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!