Orain dela 44 urte desagerrarazi zuten Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra', duela 16060 egun zehazki. Eta izen horren pean jaso dute beste behin Iñaki Alforja eta Iban Toledo zinemagileek ‘Naparraren’ gorpuzkiaren bilaketa. Eneko Etxeberria ‘Naparraren’ gogoeta, bizipen eta bizitza dira 16060 egun dokumentalean jaso dutena.
1980an Ziburun desagerrarazi zuten Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra'. 44 urteko bilaketa amaigabea baina betiere, itxaropentsua izan da Etxeberria Alvarez familiarentzat. Iragan apirilean bigarren indusketa-lanak egin ziren Brocasen, Landetan eta hiru egunez bilaketa lanak egin ondoren maiatzaren 3an jakinarazi zuten bilaketa honek ere, ez duela emaitzarik eman.
Bi galdera planteatzen ditu filmak. Zenbat denbora ematen zenukeen zure anaiaren hilotza bilatzen? Noiz arte mantenduko zenukeen itxaropena? Eneko Etxeberriak maiz egin du amets amaierarekin eta “mendi errusiarra” izan den 44 urteko bidean, “atsedena” merezi dutela iritsi dio.
Bolante baten historiaren amaieratik abiatzen da oraingoan kontakizuna. Egunak joan egunak etorri momentuz amaierarik ez duen ‘Naparraren’ historian izandako azken urratsak jaso ditu 16060 egun dokumentalak.
68ko Sekretu Ofizialen legea ekarri du gogora Etxeberriak eta aldatu bitartean, berretsi du etxean eta etxetik kanpo ere beti hitz egitearen garrantziaz, gauzak ezagutu behar direlako, are gehiago, Estatuak ezkutatu eta isilpean egotea nahi duen bitartean. Haien zauriak ixteko bidea izateaz gain, publikoak ezagutu dezan bideoan jaso dute ‘Naparraren’ historia.
Golem Zineman arratsaldeko 17:30ean egingo dute estreinaldia, IPES Fundazioak antolatutako Zinema, Mundua eta Giza Eskubideen XIX. Zikloaren baitan. Sarrera doakoa da eta emanaldiaren ondotik solasaldia Iñaki Alforja zuzendariaren eta Eneko Etxeberriarekin.