Iruñeak aurrekontu berriak izango ditu Udal Gobernuak eta PSNk sinatutako akordioari esker

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 8a, 14:11

Sinatutako dokumentuak berresten ditu 2023ko abenduan zentsura-mozioa eta udal-gobernua aldatzea ahalbidetu zuten aurretiazko akordioak

Akordioak legealdiko lehentasunezko proiektuak jasotzen dituen ibilbide-orria ezarri du, eta lau milioi euro bideratuko dira PSNk aurkeztutako zuzenketetarako. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 28an onartuko da aurrekontu-proiektua eta martxoan, lortutako gerakinekin inbertsio berriak onartuko dira.

Gobernu taldearen aldetik, Joseba Asiron Iruñeko alkateak sinatu du akordioa, EH Bilduren izenean, baita Mikel Armendariz eta Txema Mauleon Geroa Baiko eta Contigo-Zurekin taldeetako bozeramaileek ere. PSNren aldetik, Marina Curiel PSNko udal bozeramaileak egin du.

Akordioa sinatu ostean komunikabideei egindako adierazpenetan, Asironek adierazi du “akordioak politika publikoak, eskubide sozialak, etxebizitza, baina baita bizikidetza, merkataritza, kultura, kirola, trantsizio energetikoa, ilusio handia pizten diguten hiri-proiektu handiak ere aurreikusten ditu".

Iruñeko alkatearen ustetan, aurrekontu akordio honek "2023ko abenduan lortu zen akordio politikoa indartzen du, eta nolabait arrazoia ematen digu aldaketa bat beharrezkoa zelako, lema kolpe bat, Iruñeko udal gobernuan aldaketa bat, hiria paralisitik ateratzeko". "Gainera, ekonomia hutsa gainditzen duen akordioa da, Iruñeko Udaleko gobernu ekintzak nondik nora joan behar duen zehazten duen ibilbide orri oso bat da berez", esan du, eta "zeharkako akordio bat da, arlo guztietara iristen dena", gaineratu du.

Aurrekontu-akordioak hainbat konpromiso biltzen ditu jarduera-eremu desberdinetan, hala nola Etxebizitza, mugikortasuna eta osasuna; Kultura Plan Estrategiko bat egitea; Iruñeko auzoetan jarduerak sustatzea; eta berdintasun politikak.

Besteak beste, Gobernu taldearen eta PSNren arteko konpromisoak 2025ean Sarasate pasealekua berritzeko obren hasierari eta Belosoko bizikleta eta oinezkoen bidearen amaierari eta Pio XII.eko lehen faseari egiten die erreferentzia. Gainera, proiektu berriak idatziko dira Antso Azkarraren bidegorria, Iturrama kalea eta Urdazubiko monasterioa bezalako espazioak diseinatzeko, Gazteluko itzuliarekin bat egiten duen tokian.

Aurrekontu berriekin aurrera jarraituko da San Jorge biribilgunearen inguruko plangintzarekin, Santa Ana plazaren proiektuaren erredakzioarekin eta Aranzadiko baratzeak gauzatzearekin. Halaber, Guelbenzuko ekipamendu zibikoaren eta kulturalaren proiektua idatziko da, eta Civivoxerako, liburutegirako eta Lezkairu auzoko unitaterako ideien lehiaketa deituko da. Era berean, Magdalena parkearen eraberritzea amaituko da.

Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu-proiektuak 287,6 milioi euroko aurrekontua du, hau da, 2024rako onartutakoa baino % 7,7 gehiago. Hiriaren historiako zifrarik altuena da, 2007an onartutako 270 milioiak gaindituz.  Aurrekontu horren % 40 gastu sozialera bideratuko da, eta % 25 inguru "finkatutako hiria hobetzera eta etorkizuneko hiria bultzatzera". 37,9 milioi euroko inbertsioak aurreikusi dira, 2024an baino % 28,6 gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!