Ehgam Nafarroak antolatzen dituen Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak Iruñera itzuliko dira azaroaren 5ean, 13an eta 19an. Kepa Yekora eta Ana Jaka antolatzaileak argitu moduan, jardunaldiaren bigarren edizio honen helburua, lehenengoaren bide beretik, genero disidentzia hizkuntzara eramatea izanen da: "Hitanoa noka eta toka artean banatzen da eta oso ikuspegi bitarra iruditu zaigu beti. Hala, xoka asmatu genuen, beste hizkuntzetan egiten ari diren ariketa hori euskaraz ere egiteko". Jakak berak nabarmendu bezala, Xokaren helburu nagusietako bat horixe izanen da, "gure disidentziak erakusteko euskara baliagarria dela erakustea".
Xoka jardunaldiko saio guztiak 19:00etan izanen dira Laban, Gazteluko plazako euskararen txokoan. Lehenengo hitzordua azaroaren 5ean jarri dute. Egun horetan, Bilgune Feministako Ekhi Petriatik eta Amaia Zufiak Dekolonizazioa. Araka ditzagun gure bazterrak hitzaldia emanen dute, Emakume Abertzaleen Topaketa Feministaren azken edizioan irekitako bide baten inguruan: zapalkuntza desberdinak eta hauen eraginak kolektibo gisa.
Azaroaren 13an Itxaro Borda eta Juanjo Olasagarre idazleen txanda izanen da. Hauek Kuir literatoak hitzaldia emanen dute, Yekorak berak nabarmendu bezala jakintza kolektibotik ere edanen duena, irekia eta parte-hartzailea izatea espero baita. Hala, euskal literaturan ere disidentziek izan duten lekua aztertuko da bertan.
Azaroaren 19an iritsiko da Xoka bere amaierara, Bollobertsoak saioarekin. Emanaldia eta hitzaldia uztartuko dituen saioa izanen da, Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Maider Arregi bertsolariekin. Jakaren iritziz, bertsolaritzaren ahalegin handiak egin dira espazio berriak irekitzeko, eta bertaratuko diren hiru hizlariak erreferente dira alor horretan.