Asteazkenean irekiko ditu ateak Editargi azokak Iruñeko Sarasate pasealekuan. Nafarroako editore independenteen elkarteak Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako azokaren eskutik, hitzaldi, aurkezpen eta ekitaldi andana izanen dira igandera bitartean. Denetara, 20 erakusmahai eta 24 ekitaldi baino gehiago egonen dira, Liburuak argi lemapean eginen den azokaren zortzigarren edizio honetan.
Nafarroako 14 argitaletxe independente biltzen ditu Editargi elkarteak. Lehendakari Aritz Otazuk argitu moduan, argitaletxeen izaera oso anitza izan arren kalitatea bada ezaugarri komuna. "Argitaletxe txikiak gara eta ezin ditugu gure liburuak saltzeko kanpaina erraldoirik egin, beraz, kalitatearen alde egiten dugu. Kalitatezko liburuak, kalitatezko paperarekin eta kalitatezko edukiekin".
Asteazkenean 12:00etan irekiko da azoka, Editargi Sariaren ekitaldiarekin. Aurten, Fernando Rey itzultzaileari emanen zaio, Otazuk berak iragarri bezala: "Hirugarren aldia da sari hau ematen dugula, euskal kulturan eta literaturan egindako lana nabarmentzeko. Fernando Rey Euskal Herriko itzultzaile hoberenetako bat da, zalantzarik gabe".
Irrintzi plaza saio berezia, Editargitik
Egitarau zabalaren eskutik, ostegunean Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioaren zuzeneko emanaldi berezia eginen da azokan bertan 16:00etatik 18:00etara, hainbat gonbidaturekin. Besteak beste Fernando Rey itzultzailea, Eztizen Artola idazlea, Fernando Perez de Laborda, Iruña Iriarte editorea eta Aitor Blanco itzultzailea igaroko dira Euskalerria Irratiko mahaitik.