Sarean Euskaraz

Iñigo Martinez: “Sareekin kritikoa izatea ez du esan nahi kontrakoa izatea”

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 15a, 12:48

Iñigo Martinez Sarean Euskaraz jardunaldietako koordinatzailea da eta egitarauaren nondik norakoak azaltzeaz gain, helburua eta abiapuntua izan ditu hizpide.

“Duela urte batzuk hasi ginen ikusten kultura digitalari buruzko jaialdiak egiten zituztela hainbat tokitan”, aitortu du Martinezek, eta euskarara ekartzea erabaki zuten.

2012an egin zuten bi eguneko jaialdi bat Donostian, baina ez zioten jarraipenik eman. Gerora, 2017an Euskarabideak Baluarten jardunaldiak antolatzeko eskaera egin zien eta Donostiatik jasotako esperientziak bideratuta “gaztetxoentzat, eskola ordutegian egiteko formatua” planteatu zutela azaldu du Sarean Euskaraz jardunaldietako koordinatzaileak.

“Hasiera hasieratik, helburuetako bat euskaraz ongi pasatzea izan da, euskaraz bizipen polit bat izatea”, adierazi du Martinezek. Hala ere, azpimarratu du interesgarriena “sarea nola erabili eta kritikoa izatea” dela. Betiere, “gauzak edozein alorrean buruarekin egin behar dira”.

Martinezek argi dauka: “Guretzat interesgarriena ez da zer adinarekin hasi mugikorra erabiltzen, baizik eta nola”. Motozerraren adibidea baliatu du Martinezek. “Ez nerabe bati ez heldu bati ez zenioke motozerra bat emango oinarrizko erabilpen azalpen batzuk eman gabe eta mugikorrekin ez da horrela egin”.

Beraz, formakuntza ezinbestekoa da jardunaldietan baina baita praktikotasuna ere. Horretarako hiru gune daude, bakoitza berezko egitaratuarekin. 'Ikas aretoan' teknologia berrien inguruko zortzi lantegi praktiko daude. 'Era aretoan' erabilera lantzen dute ikasleek. Pribatutasunari buruzko eta sareetako harremanei buruzko hitzaldi bana eskaintzen dira bertan. Eta, hirugarren gunean, 'Jolas aretoa' zabaldu dute Egunean Behin lehiaketako kideak tarteko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!