Iruñeko Udaltzaingoak 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizaldean, Arrotxapea auzoko Carmen Baroja Nessi karrikako etxabe batean, Kayle Villar Pons 20 urteko emakumea hiltzea leporaturik. Atxilotua eta hildakoa etxabean bizi ziren, beste lau pertsonarekin batera.
Poliziaren arabera, atxilotuak biktimaren gelako atea kolpeka txikitu zuen eta jarraian hainbat labankada eman zizkion. Auzokoek deituta, Udaltzaingoa bertaratu zen eta emakumea Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, baina sendagileek ezin izan zuten berpiztu eta han hil zen.
Hildakoaren aita Isidro Villarren arabera, atxilotua gizon bortitz eta gatazkatsua zen, eta haren aurkako urruntze agindua eskatua zuten, heriotza mehatxuak eginak zizkielako hildakoari, haren amari eta haren aitari berari.
Atxilotutako gizonak epaiketa bat egitekoa zuen, 2023an Iruñeko Merkatarien karrikan, emakume bat indarka ukitzea eta musukatzea leporaturik.
Erantzun feminista
“Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!” leloarekin, Arrotxapeko hilketa salatzeko protesta eginen du gaur Mugimendu Feministak Iruñeko Udal Plazan.
Protestara deitzeko afixan, mugimenduak salatu du “emakume* bat erail duela gizon batek Iruñean”, eta gogora