Hogei urteren ondoren oholtza gainean jarraitzen dutela ospatu nahi du Mielotxin folk taldeak eta horretarako kontzertu berezia egingo dute Gaiarre Antzokian, urriaren 19an, arratsaldeko 20:00etan. Ibilbidearen errepasoa egingo dute ikuskizunean arlo askotako artistek lagunduta: Luarin dantzariak, Hutsun txalapartariak, Joaquín Taboada, Malatxo metal hirukotea, Noelia Compains, Pipo Refojo, Izaskun Iturri, Ainhoa Hualde eta Asier Capon.
Kanta zaharrak, ez hain zaharrak, eta berriak entzuteko aukera izango da. Nafarroan zein foru erkidegotik kanpo lau haizetara zabaldu dute bertako musika. Frantzian, Suedian, Portugalen, Jordanian eta beste hamaika tokitan izan dira. Eta hori omentzeko, errepertorio zabala prestatu dute urteurrenerako. Txistu, txirula, alboka, akordeoi, kontrabaxu, piano eta perkusio doinuak ez dira faltako emanaldian.
Sarrera orokorra hamabost euroan eskuratu daiteke, Gaiarre Antzokiaren txarteldegian zein online.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!