Sanferminetan tasa turistikoa ordainarazteko proposamena egin du Zurekin Nafarroa taldeak

Bidane Beloki Ezker 2024ko urriaren 8a

Uztailaren 1etik 15era bitartean aplikatuko litzateke eta zenbatekoa gau bakoitzeko 1,5 eta 3 euro artekoa litzateke, ostatu motaren arabera. Masifikazioak eragindako garbiketa eta hondakin bilketako gastuak ordaintzeko bideratuko da jasotako dirua. Proposamena parlamentuan aztertzen ari dira.

San Fermin jaien aurretik eta bitartean, alegia uztailaren 1etik 15era bitartean aplikatuko litzateke tasa turistikoa. 1,5 eurp eta 3 euro arteko zenbatekoa ordainduko litzateke gau bakoitzeko. Kanpina, pisu turistikoa, hotela edo ostatu motaren arabera, baita gau bakoitzaren prezioaren arabera ezarriko litzateke tasaren zenbatekoa.

San Fermin jaietara datozen bisitarientzako da tasa turistikoa. Eta bildutako diru horrekin Iruñeko Udalak bere gain hartu behar dituen gastuen zati bat ordainduko luke. Iragan sanferminetan jaietako ekitaldietako jendetzaren erregistro historiko guztiak gainditu ziren, %27koa izan zen hazkundea.

Gainera, garraio publikoak, hondakinen bilketak eta ur-kontsumoak ere zifra errekorrak izan zituzten. Hartara, tasa turistikoa ezarriz gero, garbiketarako edo hondakinak kudeatzeko 1,2 eta 1,5 milioi euro artean biltzea aurreikusi dute. Hala ere, nabarmendu dute kopuru hori nahiko txikia dela, aintzat hartuta Sanferminen eragin ekonomikoa urtean 80 eta 100 milioi euro artekoa dela.

Zurekin taldeak jarri du gaia mahai gainean eta eztabaida parlamentuan dago orain. Joxe Abaurrea zinegotziak adierazi duenez, ez da “udal esparruan dagoen eztabaida”, parlamentuan baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!