Elkarri Laguntzaren arabera, “udalak egiten duena egiten duela, onartezina da Nafarroako Gobernuak dagokion ardura bere bizkar ez hartzea. Muturreko premia duten pertsonei alojamendua eta sustengua bermatu behar die, gobernuak berak onarturiko Zerbitzu Sozialen Kartak zehazten duenez”.
Etxerik gabeko pertsonen alde lan egiten duen taldearen aburuz, “kale gorrian bizitzea adingabe batek edo bakarrik dagoen emakume batek paira ditzaketen esperientziarik gogorrenetako eta traumatikoenetako bat da”, eta “politikoki porrot instituzional ikaragarria da hori ez konpontzea, botere publikoei baitagokie zeregin hori”.
Elkarri Laguntzaren irudikoz, “ulertezina da Iruñeko Udalak ez exijitzea askoz bitarteko gehiago dituen gobernuari haren ardura haren bizkar har dezala: gobernuak ahalik eta lasterren sortu behar ditu adingabekoak dituzten familiei harrera egiteko bitartekoak”.