Iruñeko Udalak egun osoan zehar emanen die arreta etxerik gabeko pertsonei

Euskalerria Irratia 2024ko urriaren 3a

Hotzari aurre egiteko kanpaina azaroaren 1etik martxoaren 31ra aktibatuko dute, 30 plaza gehiago izanen ditu, eta pertsonendako eta familiendako gizarte-laguntza profesionala edukiko du. Hartara, Arreta plazak inoiz baino gehiago izanen dira: 165.

Azaroaren 1etik aurrera, Iruñeak Hotz Boladari aurre egiteko Protokoloa aktibatuko du sentsazio termikoa 3 gradutik jaisten denean edo baldintza klimatologikoak txarrak direnean (euriteak, elurra edo bestelako inguruabar natural larriak). Baldintza horiez gain, negu honetan, protokoloa aktibatuko da, harrera-baliabidetik irtetean sentsazio termikoa 3 gradukoa edo gutxiagokoa denean eta egunean zehar sentsazio termiko maximoa 8 gradutik gorakoa ez bada.

Datozen hilabeteetarako, Iruñeko Udalak Hotzari aurre egiteko kanpainan etxerik gabeko pertsonei harrera egiteko 165 plaza prestatuko ditu Udalaren baliabide ezberdinetan, iaz baino 30 plaza gehiago. Berrikuntza nagusia berariaz eginen den arretarekin lotuta dago, izan ere, egun osoan zehar emanen zaie arreta, ez orain arte bezala gauez bakarrik, bai Iruñean urtebete baino gehiagoz erroldatuta dauden etxegabeei, bai ibiltariei. Modu horretan, kalean ordu asko eman behar izatea saihesten da, baldintza klimatologikoak oso oso txarrak diren egunetan barne. 

Gainera, Iruñeko Udalak arreta-ordu gehiagoz eskaintzeaz gain, lagun-egite soziala ere eskainiko du lantalde profesionalen bidez, etxegabetasuna arintzen saiatzeko funtsezko zerbitzua baita. Horrela, duela urtebete baino gehiagotik Iruñean erroldatuta dauden etxerik gabekoekin gizarteratze-ibilbideak egitea da asmoa, irteera bat bermatzeko kalean bizi ez daitezen. Orain arte, gauetarako bakarrik eskaintzen zen ostatua, ia jarraipenik gabe, eta horrek ez zuen lortzen harreran zeudenen etxegabetasun-egoerak saihestea. 

Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Rubén Unanua Ruiz alorreko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu dituzte Hotzari aurre egiteko kanpaina honetan ezarriko diren berrikuntzak eta etxerik gabeko pertsonei, bai ibiltariei, bai Iruñean errotuta daudenei, emanen zaien arreta. Kanpaina eta Protokoloa aktibatzeko aukerak, martxoaren 31n amaituko direnak, Bazterketa Larria Jasaten Dutenendako Programa arautzen duen Iruñeko Udalaren Ordenantzan jasota daude, eta horien helburua da “eguraldi txarrak eragindako larrialdi-egoeretan kalean lo egiten duten pertsonekin erabili behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak koordinatzea”.

Joan den neguan baino plaza gehiago

Iruñeko Udalaren lehentasuna da udal baliabideetan dauden 165 plazak betetzea, hartzaileen profila edozein izanik ere. Udalak 58 plaza ditu Etxerik Gabekoak Artatzeko Zentroan, 28 Jesús y María aterpetxeko hegal batean, 30 ‘Etxe Bat’ programak kudeatzen dituen etxebizitzetan, 14 ostatuetan eta 35 familiendako, azken horiek ostatuetan zein Udalaren etxebizitzetan. Baliabide horiei beste batzuk gehituko zaizkie, muturreko hotza egiten duen egunetan edo Hotz Boladari aurre egiteko Protokoloa aktibatzen den egunetan.

Dispositibo horrek 2025ean, neguko hilabeteetatik kanpo, etxegabetasunari emanen zaion arretaren oinarriak ezartzen ditu. Urte osorako baliabide egonkorrak izanen dira, Etxerik Gabekoak Artatzeko Zentroko 52 plazak (orain arte baino bi gehiago), Etxe Bat programarako Adsis Fundazioarekin egindako hitzarmenaren bidez eskaintzen diren 30 plazak eta familiendako etxebizitzetan eskaintzen diren 35 plazak. Guztira, 117 plaza finko izanen dira urte osorako, etxegabetasunerako harrera-baliabideen egungo zifren bikoitza. 

Iruñeko Udalak aldi baterako eta erabilera partekatuko etxebizitzen alde egin nahi du, hotel eta ostatuetarako txartelen ordez; izan ere, birgaitutako udal-etxebizitzak direnez, txartel horien dirua aurrezten da, eta gizarteratze handiagoa ahalbidetzen dute, batez ere familien kasuan. Gizarteratze-eredu horrek lehentasuna emanen die hirian errotuen daudenei eta profil zaurgarriei (adingabeak dituzten familiak, emakumeak, adinekoak, osasun-arazoak dituzten pertsonak), eta urtebete baino gehiagoan Iruñean bizi izan direnendako plaza kopurua handitu eginen da.  

Aurtengo azaroan eta abenduan Hotzari aurre egiteko kanpainarako 100.000 euroko dirulaguntza emanen du Nafarroako Gobernuak. 2024an Nafarroako Gobernuaren laguntzen bidezko finantzaketa 777.000 eurokoa izanen da, 2023an jasotako 290.000 euroen aldean. 

Hirian errotuta daudenendako eta ibiltariendako arreta

Hotzari aurre egiteko kanpainak bi profil bereizten ditu etxegabetasuna artatzeari dagokionez. Erroldatutzat edo harrera baliabide horiek eskuratzeko errotutakotzat hartzen dira gutxienez urtebetez Iruñean modu egonkorrean bizi direnak, udal zerbitzuek, Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta abarrek egiaztatuta, eta erreferentziazko profesional bat dutenak. Errotuta egoteaz gain, baliabideak erabili ahal izateko beharrezkoa da adinez nagusia izatea, diru-sarrera egonkorrik ez izatea eta beste bizileku-irtenbiderik ez izatea. 

Hirian urtebete ez daramaten, eta beraz, errotu gabe dauden pertsona ibiltariak ere artatuko dira. Ibiltarien Programa deiturikoaren bidez soilik artatu ahal izanen dira, edo erroldatutako pertsonendako programetan plazaren bat hutsik geratzen bada. Ordenantzan jasotzen den moduan, urtean gehienez ere 6 egunetan erabiltzen ahalko dute Etxerik Gabekoak Artatzeko Zentroa, txanda bat baino gehiagotan, eguraldiaren arabera, eta ondoren autobus txartela eskainiko zaie. 

Egungo egoera 

Gizarte Ekintzako Alorrean kezka agertu dute etxegabetasunaren egoerak okerrera egin duelako, batez ere adingabeak dituzten familietan, Iruñera ezkutu sozialik gabe ekartzen baitituzte, beste hiri batzuetan eta beste autonomia-erkidego batzuetan ez dutelako haiei arreta emateko baliabiderik aurkitu. Une honetan, Iruñeak familia plaza guztiak beteta ditu. Plazaren bat hutsik gelditzen den arte ezin izanen da familia gehiago hartu. 

Gauza bera gertatzen ari da Ibiltarien Programaren bidez Iruñera banaka iristen diren etxerik gabekoekin ere. Etxerik Gabekoak Artatzeko Zentroan egoteko egunak agortzen dituztenean, hirian gelditzen dira, kale gorrian, zentroa bera edo kaleko lantaldearen baliabideaz haragokorik eskuratzeko aukerarik gabe. Jantokiko, dutxetako eta garbitegiko plazak beteta daude. Ibiltari horiek ez dituzte Errenta Bermatua edo bestelako ostatu-baliabideak eskuratzeko baldintzak betetzen; izan ere, baldintza horiek betetzen dituztenak ere itxarote-zerrendan daude.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!