Ainara Mtz. Matia: "Ondare industriala ez dira soilik eraikin zaharrak; diseinua, klase borroka edo lan ordutegiak ere hartzen ditu"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 2a, 17:07

Nabarralde Fundazioak eta Ondarea Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak 'Ondare industriala, galeratik berreskurapenera' jardunaldia eginen dute urrian zehar Iruñean, egitarau zabalarekin

Lantegi eta tailer zaharretatik diseinu grafikora, sindikalismotik edo emakumeak lanean izan duen paperetik pasatuz. Industria ondarea hainbat ikuspegitatik azter daiteke, eta industrializazioak utzitako ondarearen kudeaketari buruzko galderak planteatzen ditu; izan ere, garai historiko hori funtsezkoa da gure egungo gizartea ulertzeko. Honen inguruan hausnartzeko, Nabarralde Fundazioak eta Industria Ondarea Kontserbatzeko eta Babesteko Nazioarteko Batzordeak (TICCHI-España), elkarlanean, Ondare industriala. Galeratik berreskurapenera jardunaldia antolatu dute. Jardunaldi nagusiak gaiaren inguruko aditu andana bilduko ditu urriaren 18an eta 19an, eta aurretiko izen-ematea beharrezkoa da. Irailaren 23tik aurrera egitarau kulturala eginen da gaiaren inguruan, erakusketa, hitzaldi eta bisita gidatuekin. 

Hala, jardunaldiko parte hartzaileen artean, jardunaldiko zuzendari eta TICCIH-Espainiako lehendakari Ainara Mtz. Matiak, Esperanza Marrodán arkitektuak, Luis Lalana Burgoseko Unibertsitateko irakasleak, Iñaki Uriarte arktitektuak, Amaia Apraiz Sahagún Womens Legacy ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko europar plataformako kideak, Irene Díaz Martínez Oviedoko Unibertsitateko eta EHU-ko irakasleak, Rafael Ruzafa EHU-ko historia garaikideko katedradunak, Mª Julia Burgueño Uruguayko TICCH-eko lehendakariak eta José Luis Ruiz Ondare Industrialaren Berreskurapenerako Elkarteko lehendakariak parte hartuko dute. 

Egitarau kulturalari dagokionez, hainbat jarduera egonen dira, guztiak doakoak eta publiko orokorrari irekitakoak. Alde batetik, Koldo Arnanz margolari altsasuarraren margo erakusketa ikusgai egonen da Iruñeko Bigarren Zabalguneko Civivoxean, irailaren 23tik urriaren 15a arte. Industriarte erakusketa gure iragan industrialaren hondakin eta hondarren inguruko olio-pintura eta marrazki sorta bat da, dagoeneko amaitu den garai batekiko begirada nostalgiko batetik birsortua. 

Bestalde, Humberto Astibia EHU-ko katedradunak hitzaldia emanen du urriaren 10ean Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan, Paisajes de papel y patrimonio de la era industrial vasconavarra izenburupean. Inprenta eta arte grafikoetako tailerretan jaiotako mundu ikonografikoa berreskuratzen du hizlariak. Dokumentu horien balio estetiko eta historikoez gain, eta estereotipo zaharkituei aurre eginez, industria-jarduera euskal kulturaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat dela erakusten laguntzen dute. 

Urriaren 16an, asteazkenarekin, Víctor Manuel Egia Astibiaren txanda izanen da. Ondare industrialean adituak bere argitalpen berria aurkeztuko du Iruñeko Kasino Berrian. Ola berriak 1766-1927. Apuntes para una historia industrial de Navarra lanean, Nafarroako iragan industrialaren aztarnak eta berreskurapenaren adibideak azaltzen ditu. 

Hurrengo egunean, urriaren 17an, Oscar Brakok gidatutako bisita ibiltaria eginen da Iruñeko Alde Zaharrean eta Zabalgunean barrena. Arte grafikoan eta errotulazioan adituak denda historikoetan zehar eramanen du bisita, hirian aurkitu ditzakegun errotulazio aipagarrienen historia berreskuratuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!