Azken iraina bira / Hasta que nos canceléis izenpean iragarri du bira taldeak Instagram sare sozialeko argitalpen baten bitartez. Bizkarrean ehunka kontzertu eta hiru disko grabatu ostean, 2013an bere bidea eten zuen taldeak, gaurdaino. Lau kontzertu emango dituzte 2025ean: Atarrabiako Totem aretoan martxoaren 25ean; Gasteizko Jimmy Jazzen martxoaren 22an; astebete beranduago, 29an, Azpeitiko Sanagustinen; eta azkena, Bilboko Kafe Antzokian, apirilaren 5ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
2009 sortu zuten taldea eta hiru lan plazaratu dituzte haien ibilbidean zehar. Bizardunak (2009) izan zen lehena, irlandar folk doinuek markatuta; En Zugzwang (2010) bigarrena, rock doinuak nagusi; eta Ur ederra kirats infinituan (2012) azkena.
Dena dela, taldearen itzultzeko bigarren saiakera izango da hau. Izan ere, 2017an ere itzulera asmoa izan zuten. Kontzertu bakarrerako biltzekoak ziren, 2017an Lakuntzan egindako Hatortxu Rocken 20. edizioan zuten hitzordua eta bertan behera utzi zuten. “Antolakuntzatik haratago doazen arrazoiak medio, kontzertu bakarra emateko itzultzekoa zen Bizardunak ez da Lakuntzan izanen”, jakinarazi zuen Hatortxu Rockek.