Iruñeko Udalak Jarauta kalean kokatutako bi udal etxebizitza birgaituko ditu etxerik gabeko sei gazte migratzaile hartzeko. 'Etxe bat' programaren baitako ekimena da eta Udalak Elkarte Fundazioarekin elkarlanean gauzatuko du. Birgaitze lanak urte amaierarako eginak egotea da aurreikuspena, 2025ean zehar pisuak dagoeneko eskuragarri egon daitezen.
Udalak bere gain hartuko ditu obretarako materialen, horniduren eta garraioen gastuak, 25.750 euroko kostua izango du horrek, eta fundazioak giza baliabideak bere esku jarriko ditu. Zehazki, fundazioko prestakuntza programetan ari diren ikasleek egingo dituzte iturgin, margoketa edota igeltsero lanak.
Etxebizitza horiek bazterketa-arriskuan dauden biztanleei arreta emateko eskuragarri dauden udal-etxebizitzen poltsan sartuko dira. Eta, behin zerrendatuta, horietan bizi diren sei gazte migratzaileak Elkarte Fundazioak hautatuko ditu, ezarritako irizpideei jarraituz; hautaketak Udaleko Bazterkeria Handiko arduradunen oniritzia izango du.
Aldiberean, gazteak udal-laguntzako programan sartuko dira, gizarte-bazterketaren arrisku-egoeratik ateratzeko. Elkarte Fundazioak eta Udalak pertsona horien bilakaeraren jarraipena egingo dute.