Erdi Arora itzuliko da Iruñea igandean Batasunaren Pribilegioaren ospakizunarekin

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 3a, 13:13

601 urte beteko dira igandean agiria sinatu zenetik eta musika, erraldoien kalejira, udalbatzaren desfilea eta Erdi Aroko azoka izanen dira asteburuko ekitaldi nagusiak. Astean zehar bisita gidatuak antolatu dira eta ospakizunari amaiera emateko El Columpio Asesinoren kontzertua izango da igandean Gazteluko Plazan. 

Batasunaren Pribilegioak hiru hiriguneren arteko gatazkari amaiera eman zion eta erdi aroa atzean uzteko bidea zabaldu zuen. Aurten, 601. urteurrena ospatuko du Iruñeak irailaren 8an, igandean. Joseba Asiron alkateak nabarmendu bezala, “hiriko efemeride garrantzitsuenetako bat da asteburu honetan ospatuko dena”. Nabarreria, San Nikolas eta Sanzernin burgoen arteko lotura zigilatu zuen Karlos III.a prestuak 1423an.

Ostiralean bertan abiatuko dira Batasunaren Pribilegio ospatzeko antolatutako ekitaldiak. Musika, Erdi Aroko azoka, eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren desfilea izango dira asteburuan zehar.  Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan murgilduko da Iruñea Erdi Aroan; hiriko kale nagusietan jarriko dituzte 150 postu baino gehiago, produktu artisauekin. Larunbat zein igandean goizez baita arratsaldez ere egongo da zabalik azoka, 10:00etatik 14:00etara goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez.

Asteburuari begira, hiria girotzen hasi da dagoeneko Udaletxea ezagutzeko antolatu diren bisita gidatuekin. Gainera, aukera ematen du Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko agiria ikusteko. Izan ere, Asironek azpimarratu bezala “dokumentu historiko horren lau ale besterik ez dira geratzen” eta une aproposa da gertutik ikusteko. Alkateak ere nabarmendu du Batasunaren Pribilegioaren inguruan egindako “ekitaldi jendetsuena eta sendotuena” bilakatu direla bisitak. Hartara, hasiera batean eskainitako plaza kopurua berehala amaituta, eskaintza zabaldu du udalak eta 31 bisita izanen dira guztira egunotan. Horietatik hamar, euskarazko bisitak izanen dira.

Hala ere, igandea izanen da ospakizunen egun nagusia. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira erraldoiak udalbatzaren bila eta elkarrekin dantzan, Karlos III.aren mausoleoaren aurrean lore-eskaintza eginen dute. Dugunako dantzariak ere izanen dira tarteko omenaldian, baita Pamplonesa eta Nafarroako Orkestra sinfonikoa ere. Azkenik, El Columpio Asesino taldeak itxiko du Batasunaren Pribilegioa. Arratsaldeko 20:00etan izango da kontzertua, Gazteluko Plazan. Jarduera guztiak doakoak izanen dira eta publiko guztiarentzat irekiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!