Gayarre antzokiaren udako programazioaren eskutik, aste honetan Amico konpainiak Kinki games antzezlana emanen du antzokiko atarian bertan, ostiralean, 19:00etan. Txori García eta Ion Barbarin aktoreak Angel Saguesen zuzendaritzapean aritu dira doinu italiarreko umorez blaitutako komedia honetan.
Barbarinek argitu gisan, kirola hartu dute gai nagusitzat, betiere interpretazio propioa eginez: “Gure Olinpiar Joko bereziak sortu ditugu: badaukagu tenisa, esgrima, martxa… Baina baita beste kirol desberdin batzuk ere”. Guzti hori, keinu antzerkia eta gorputz adierazpena uztartzen dituen lengoaia batez, izan ere, obrak ez du dialogorik. Protagonistak, hartara, musikaren erritmora arituko dira, euren tramankulu berezien katalogoa eta kirol-proben errepertorio anitza publikoari erakutsiz. “Guretzako, keinu bidezko antzerkia gure adierazteko modu naturala da, eroso sentitzen gara egiteko modu horrekin”. Emanaldia Karlos III. etorbidean eginen da, Gayarre antzokiaren atarian, sarrera librearekin aforoa bete arte.
Ez da Barbarinek esku artean duen proiektu bakarra. Igarotako asteburuan Un pueblo de película antzezlana estreinatu berri du Ihabarren (Sakana), berak zuzendu eta gidatutako antzerkia, non herriko 46 biztanlek parte hartu duten. Proiektu berezi honen inguruan aritu gara aktorearekin eta parte-hartzaileek bidali dioten mezuak entzunteko parada izan dugu.