Europar Batzordeak Sekretu Ofizialean Legea indarrean mantentzeagatik ohartarazpena egin dio Espainiari

Bidane Beloki Ezker 2024ko abu. 19a, 10:11

Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen eta Pedro Sanchez 2019an, Moncloan. Argazkia: Moncloa.

Europar Batasuneko araudi estandarrarekin bat datorren testua argiztatzeko eskatu dio Batzordeak. Sanchezen Gobernuak esan du lanei berriro ekiteko asmoa duela, baina ez du eperik eman.

Europako Batzordeak Sekretu Ofizialen Lege frankista oraindik ere indarrean mantentzen duela ohartarazi dio Estatuari. Lege horri esker, 1968ko apirilaz geroztik Estatuak ezkutuan eduki nahi dituen gai guztiak estali eta gorde ditzake, edozein arrazoi dela eta. Hartara, gardentasun falta eragiteaz gain, herritarren informazio publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen du legeak.

2024ko otsailean Espainiako Kongresuak 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko proposamenari bide emango ziola adierazi zuen, inbestidurako blokeko alderdien babesarekin. EAJk aurkeztu zuen proposamena, legealdiari hasiera ematearekin batera, baina, hala ere, PSOEren tramitatzeko jarrerak zalantzak eragin zituen ordura arte ez baitzen beste urratsik egin. Oraingoan, Europako Batzordeak eman dio atentzioa.

Europar Batasunaren irizpideekin bat datorren testu bat argiztatzea premiazkoa dela adierazi du Europako Batzordeak. Izan ere, legea bera mantentzeaz gain, Europako Batzordeak salatu du 2023tik  arau berri bat argitzeko lanak geldirik daudela. Sanchezek lanei berriro ekiteko asmoa adierazi duen arren, ez du eperik finkatu.

2023ko urrian, Estatuak dokumentu publikoak eskuratzeari buruzko hitzarmena berretsi zuen Europako Kontseiluarekin, eta proiektu horren gainean legearen erreforman lan egiteko konpromisoa hartu du Gobernuak.

Nafarroak aurrerapausoak geldegin ditu

Nafarroa, EAErekin batera izan da sekretu ofizialen aferan politika aldaketa eskatu duen erkidegoetako bat. Lege frankista horren bidez ezkutuan segitzen dute hilketa askoren espedienteek. Hala, pasa den maiatzaren 30ean, Nafarroako Gobernuak zenbait biktimaren aitortza egin zuen egunean, senitartekoek eskatu zuten esaterako Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uztea. Mikel Zabalza eta Mikel Arregirenak izan ziren tartean, eta aurretik ere Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria Naparra zenaren anaiak eskaera bera egin du.

Senatura ere iritsi da gaia. Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek hasieran Bolaños Ministroari galdera egin zion jakin nahian bateragarriak ote ziren legea eta ultraeskuinari aurre egitea. Baina erantzuna ordea, legearen aldaketak ez zuela babes nahikorik izan zen. Erantzun horrekin, batzordean eskatu zuen Barkosek sartu dadila lege horren aldaketa eraldatze demokratikoaren neurrien artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!