Bi hizkuntza, hitz bakarra eta esanahi integrala. Elkarbizitzan eta elkarlanean ospatu dira “iruindarronak izan diren sanferminak”. Herrikoiak, seguruak eta oso jendetsuak izan dira aurtengo jaiak. “Oso giro onean, lasaitasunez eta azken urteotan ikusi ez den jendetzarekin” igaro dira sanferminak. Batez ere, aintzat hartuta bi asteburu barne hartu dituela jaiak.
Iruñeko Udalak sanferminen lehenengo balorazio “oso positiboa” egin du; beltzunea, eraso sexistak izan dira. Joseba Asironek Maider Beloki Kultur eta Jai zinegotzia eta Endika Alonso Segurtasun eta Bizikidetza zinegotziarekin batera eman ditu balantzearen datuak.
Eraso sexisten aurrean gaitzespen irmoa
Zoritxarrez, aurkia eta ifrentzua. Eraso sexistak ere izan dira sanferminetan. 24 salaketa erregistratu dira, horietatik 18 ukituak egiteagatik eta sei sexu erasoagatik. Salatutako 24 pertsonetatik, momentuz 23 atxilotu dira.
Beste behin herritarren erantzuna eta mugimendu feministaren zein eragileen elkarlana azpimarratu ditu alkateak. “Iruñea salatzen duen hiria” baita eta “ez ditu erasoak ezkutatzen”. Aitzindaria da eraso sexisten aurrean erantzuna ematen eta gainontzeko hiriei berdina egitera dei egin du Asironek: “Animatu nahi nituzke beren zifrak publikoak egitera, beldurra gal dezaten horrelako arazo bati modu aktiboan aurre egin ahal zaiola sinetsita”. Bide horretan lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi du udalak.
Arrakastatsuak zein jendetsuak
Balorazioko datu aipagarrienetako bat bisitarien kopurua izan da, bi asteburu izan baitira aurten. Inoiz baino billabesa bidaia gehiago egin dira, zehazki 2,14 milioi. Eta errekorrak hautsi dira bestelako ekitaldietan ere, Maider Beloki Kultur zinegotziak emandako datuen arabera, 1,8 milioi pertsona baino gehiago elkartu dira sanferminetako udal programa ofizialeko ekitaldietan. Su artifizialak eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izan dira lagun gehien batu dituztenak.
Musika proposamenen arrakasta ere nabarmendu du Maider Beloki Kultur zinegotziak. “Nafarroako tokiko eszenan hain ezagunak eta maitatuak diren artistak izan dira publiko gehien izan dituztenak”, azaldu du. Horien artean, Zetak, El Drogas, Chill Mafia, Izaro, Gorka Urbizu eta Maruxak aipatu ditu.
Kultur programaren eskaintza zabala, publiko guztiarentzat eta parte hartzea berreskuratuz. “Espazio bat eskatu duen eragile orori eman zaio”, gaineratu du Belokik.
Bizikidetza eta segurtasuna
Beti ere, segurtasuna bermatu da une oro. Aurtengo aldaketen artean gelditzeko iritsi dira zenbait. Endika Alonsok segurtasun dispositiboen lana goraipatu du eta “estatuko jairik seguruenak” direla adierazi du. Lapurretak izan dira gehien salatutakoak, %20 jaitsi da hala ere salaketen kopurua. Atxiloketak ordea, %10 igo dira. Foruen plazan trafikoa eten da kontzertuak bitarte eta datozen sanferminetan ere hala izanen da. Gurutze gorriko osasun zerbitzuak ere Errekoleten plazan mantenduko dira izandako erantzun onaren ondorioz.
Bestelakoetan, garbitasuna, komun publiko gehiago eta jasangarritasuna 2025eko sanferminetako hobekuntza erronken artean mantenduko dira.