SANFERMINAK 2024

Ivan Gimenez: “Sanferminek historia ofizialean Etxepare eta Veleta peña bezalako erreferenteak ezkutatu dizkigute”

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 8a, 13:16

Juanito Etxepare tabako saltzaile errepublikazalea izan zen Txupinazoa jaurtitzen lehena. Veleta peñako kide langileak izan ziren sanferminetan arropa zuri-gorriak janzten lehenak. Bai Etxepare baita Veleta peñako kide asko erail zituzten frankistek. Hori aski ez, eta haien oroitzapena ere ezabatu nahi izan zuten.

Korralito forala liburuaren egile Ivan Gimenez kazetari eta sindikalista Sanfermintza saioan izan da gaur. Sanferminen historia ofiziala egiteko tenorean, horren protagonista ezkertiar zein abertzaleak ezabatu nahi izan dituztela salatu du.

“Txupinazoa nahiko gauza berria da. Bigarren Errepublikaren garaikoa. Oso modu anonimoan botatzen zituzten suziriak, espaloitik, ez balkoi batetik. Orokieta su-etxe txikiko langileek botatzen zituzten, oso modu ofiziosoan. 1932an, Juanito Etxepare tabako saltzaileak, Kale Nagusiko estankoaren jabeak, Orokieta su-etxeko langileei baimena eskatu zien suziri bat botatzeko ohorea. Hala agertzen da orduko egunkarietan. Bera izan zen hori egiten lehena”. Eta urtero hori bera egiten segitu zuen, 1936an frankistek desagerrarazi zuten arte, errepublikazalea izateagatik. Gerora, Txpuniazoa lehendabizikoz 1941ean bota zutela kontatu izan digute, eta ohitura bi zinegotzi frankistak asmatu zutela.

Halaber, sanferminetako arropa zuri-gorrien historia gogora ekarri du Gimenezek. “Peñako kide asko margolariak ziren. Haientzako arropa zuriak eguneroko lan jantziak ziren. Jende umil eta apala zen. Ezin zuten arropa berezirik erosi eta erabaki zuten haien lan jantziak erabiltzea”, azaldu du Gimenezek. Altxamendu frankistaren ondoren, peñako hainbat kide fusilatu zituzten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!